«Camille hartzari esker zaletu nintzen ni hartzetara» azaldu du Edurne Elizondo kazetari beratarrak solasean hasi bezain pronto. Izan ere, garai horietan tokatu zitzaion espezie honi buruz idazten hastea, eta «urrats batek bertzera» eramanda erabat txunditu zuen animaliak. Elizondok hartza «berezia» dela dio, «naturararen handitasunera»eramaten gaituela. Berak ere sumatu izan ditu inguruan, udara Asturiasko mendialdean dagoen etxola batean igarotzen baitu: «Badakigu inguruan hiruzpalau hartz ditugula. Aurten bakarra ikusi dut, baina urteak pasatu dira bakar bat ere ikusi gabe. Hor daude, baina lasai uzten baditugu euren bizia egiten dute. Niri gustatzen zait pentsatzea nik ez ditudala ikusten, baina haiek ni bai», erran du. Hori nabarmendu du, hartzek «zer jan, non lo egin eta non lasai egon» bertzerik ez dutela bilatzen.
Azken 50 urteetan Aragoin jaiotako lehen hartz kumea grabatu dute Aragoiko Gobernuaren baso-kamerek udazken honetan. Duela zazpi urte Frantziako Gobernuak Aspen askatutako Claverina hartz emea da bere ama, Echo ibarrean grabatutako irudietan berarekin agertzen dena. Albisteak Elizondo «izugarri» poztu du: «FIEP taldeko Gérard Caussimont-ekin hitz egin nuen 2024. urteko udazkenean, eta aipatu zidan udaberrian ikusia zutela Claverina hartz ar batekin. 2019. urtean askatu zuten Claverina, eta ordutik ez zuen kumerik izan. Baina arrarekin elkartu zela ikustean, esperantza hori bazuten», erran digu. Hartz arre eme eta arrak alta garaian daudenean elkartzen dira, eta normalki, arrak izaten dira emenengana mugitzen direnak.
Elkarbizitzatik sarraskira
Nahiz eta urtez-urte gorabeherak izan, aspaldian dira Pirinioak hartz arreen bizitoki. Gure ingurura etorrita, Nafarroan, aspaldikoak dira hartzari buruzko lekukotasunak. XIX. mendearen lehen erdian, Izaban, Erronkarin eta Otsagabian ehizatzen zuten, oraindik ere. Elizondok horretan jarri du arreta berezia: «Batez ere dakiguna da ehizagatik desagertu zela hartza gurean. Crónica de un exterminio liburuan biltzen da hori, eta Pirinioetako hartzen egoera aztertzen da. Ehizak ekarri du azken hamarkada hauetan bizi dugun goera», azaldu du.
Bildu diren lekukotasunek diote 1974. urtean hartz bakarra gelditzen zela Nafarroan, Erronkariko ibarrean bizi zena. 1983. urtera arte, hartzak bere arrastoa utzi zuen Erronkariko mendietan. Urte horretatik aitzinera, ordea, arrastoak desagertu egin ziren. Hamabost urtez, hartzik gabe gelditu ziren Erronkari eta Nafarroa orduan.
Sarraskiaren aitzinetik, elkarbizitza bazegoela nabarmendu du Elizondok: «Hartza beti bizi izan da Pirinioetako biztanlearekin. Hartza beti egon da hor, eta elkarbizitza bat egon da. Egia da azken urteotan Esloveniatik ekarri dituztela populazioak aitzinera egiteko, baina nabarmentzekoa da hartzak Pirinioak berezkoak dituela, eta mendez mende izan duela elkarbizitza bat herritarrekin», azaldu du.
Artzainak kexu agertu dira hartzari buruz zenbait urtez, eta Elizondok nabarmendu du «dena» erran behar dela: «Segur aski garai batean ez zen erreza izanen artzainentzat, ez zituztelako gaur egun ditugun baliabideak. Pirinioetako artzainen kopuruak nabarmen egin du beheiti, eta nik ulertzen dut gaur egun ez dutela egon nahi garai batean bezela; hain lotuta. Garai bateko artzainen bizimodua hagitz gogorra zen. Hala ere, iaz Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko ingurumen kontseilariari hartzari buruz galdetu nion, eta erran zidan artzainei baliabide ezberdinak eskaintzen zitzaizkiela».
Gaineratu du artzainek egin izan dituzten hautu batzuk ere aipatzekoak direla: «Camille agertu zenean eskaintzen ziren neurri berberak eskaintzen zaizkie artzainei. Artzain elektrikoak, mastinak… baina anitzek ez dituzte nahi. Urte luzez artzainek diru bat jaso dute bakarrik hartzak zeuden lekuetan zeudelako. Erasoak egon edo ez, diru bat kobratu izan dute bakarrik hartza hor zegoelako. Eta hori ere erran behar dela uste dut. Diru bat kobratzen baduzu hartza dagoelako, nire ustez zure betebeharra da ardiak zaintzea. Zure aldetik zeozer egin behar duzu ardi horiek zaintzeko», erran digu. Hala ere, nabarmendu du bera antiespezista dela, eta «guztiak libre» ikusi nahiko lituzkeela berez.
Aztarna ezberdinak, bide antzekoetan
Duela hogeita bat urte, 2004ko azaroan, ehiztari batek Cannelle hil zuen tiroz; Pirinioetan jaiotako azken hartz arre emea zen (hamar urte lehenago Claude emea hil zuten). Canelle hiltzean, hamar hilabeteko kume bat utzi zuen: Cannellito. Bakarrik gelditu zen Cannellito Pirinioetako mendebaldeko gunean, bere aita Nere hartzarekin. Gauzak 2018an hasi ziren aldatzen: Frantziako Gobernuak Claverina eta Sorita hartz arre emeak mugitu zituenean Esloveniatik Pirinioetako mendebaldera, Biarnora.
Elizondok azpimarra egin du horretan: «Bi eme akabatu zituzten; biak ehiztariek, eta hori nabarmendu egin behar da argi eta garbi. Lehena isileko ehiza izan zen, baina Canellen kasuan erran zuten haien burua defendatzeagatik egin zutela tiro. Baina uxaldia egitera joan zirenean bazekiten inguru horietan zegoela Cannelle, eta hala eta guztiz ere, joan ziren», azaldu du.
Urte luzez eskatu da zonaldera hartzak ekartzeko: «1996an ekarri zituzten Esloveniatik Pirinioetara lehendabiziko bi hartzak, eta urte batzuk geroago bertze bat. Emeetako bat ailegatu eta berehala hil zuten, eta bere kumeak bertze eme batekin gelditu ziren (…) 2006an bertze askatze bat egin zuten eta orduan bortz ekarri zituzten. Baina tamalez haietako gehienak ere hil egin zituzten. Bat adibidez, errepidean bi aldiz harrapatu zuten, eta nekrosian agertu zen perdigoiak ere bazituela».
Askatze gehienak erdialdeko gunean egin izan dira, eta egin diren akabatzeei hori gehituta, genetikaren aldetik dibertsitate eskasa izatea arazo bilakatu da azken urteotan. Azken berriekin, ematen du hori ere aldatzen ari dela poliki-poliki. Oraindik ere artzainen kexuak hor daude, eta Elizondo kritiko mintzo da: «Errealitatea da artzain hagitz gutxi gelditzen direla. Ez zait erabat bidezkoa iruditzen horrelako pisua izatea gutxi batzuen iritziak, hartzen etorkizuna kolokan jartzeraino. Erdibideko konponbideak bilatu behar dira, batak eta bertzeak lagunduz. Hartzak ere lurralde honetan baditu bere eskubideak, eta gurea bezain haiena da lur hau».
Camille: eztabaiden pizgarri eta hartz kuttun
Hasieratik nabarmendu du Elizondok Camille izanen dela betirako bere «hartz kuttuna». Canelle tiroz hil zutenean Canellito Nererekin gelditu zen. Ez ziren baina, Pirinioetako hartz arre ar bakarrak. Garai hartan ere, Camille hartza zebilen Pirinioetan. 1998. urtean agertu zen Erronkarin Camille. 2010. urtean hil zen, ustez, gaixoaldi baten ondorioz.
Hala gogoratu du Elizondok ilusio berezi batekin: «Adituek diote segur aski 1997tik zegoela Nafarroan. Behin, bere oinatza eta ileak ikusteko aukera izan nuen». Hala ere, lehendik aipatzen genituen eztabaidak ere piztu zituen Camillek.
Artzainen kexa mordoxka eragin zuen, urtean 40 eraso inguru egiten baitzituen. Horren baitan ere argipen batzuk eman ditu Elizondok: «Camille famatu egin zen ardi anitzi eraso egin zielako. Baina ardi horiek ez zeukaten zaintza handirik, eta Camillerentzat erreza zen horiek harrapatzea. Hartza zaharra bada, energia gutxi gastatzea bilatzen du zer jan aurkitzerako orduan. Eta hori gertatu zitzaion Camilleri», erran du. 2010. urtean eman zuten hiltzat, ustez, gaixotasun baten ondorioz.
Bukatzeko, azken urteetan bertze animalia batekin dagoen eztabaida jarri dugu mahai gainean, eta hartzaren eta otsoaren egoerak alderatu ditugu.
Hauen erasoei eta ekartzen dituzten debateei buruz galdetzean Elizondok argi adierazi du: «Artaldeak modu egokian zaintzen direnean, erasoek beheiti egiten dute. Nik Asturiasen ikusi izan dut otsoa areriotzat hartu izan dela, baina hartzak pizten zuela halako miresmen eta sinpatia bat. Orain hartz gehiago dago, eta ikuskera hori aldatzen ari da ehiztarien jarrerengatik (…) Hartza ez da berez ehiztari bat. Bere elikaduraren %80 begetala da, eta orojalea da. Otsoa bai da haragijalea, eta taldean ehizatzen duelako da hain eraginkorra. Ikusten ari gara zenbait lekutan otsoak hiltzeko baimenak ematen ari direla, baina horrela, taldea bera ahuldu egiten da, eta talde horrek galtzen du animalia basatiak ehizatzeko gaitasuna. Orduan jotzen dute gizakiaren menpe dauden animaliak ehizatzera, eta hori demostratua dago».
Pirinioetan oraindik ere aldaketa handiak behar dira hartzen populazioa Asturiasen egin den moduan egonkortzeko, baina Elizondok argi ikusten du ehiztariek zein jarrera hartuko duten.