Oiasso museoak Aniztasunaren Gala ospatuko du ostiralean bosgarrenez

Koldo Nausia 2025eko urriaren 16a

Parte hartzen duten artistek dauzkaten gaitasun ezberdinak erakustoki, musika, dantza eta antzerkiaren sorkuntzari aniztasunetik leku emateko jaialdia ospatuko Oiasso Museoak. Aniztasunaren Galak bost urte betetzen ditu aurten, eta Irungo museoan urriaren 17an prestatu dituzten ekitaldiekin batera, Gipuzkoako beste kulturgune eta museoekin saretzeko egiten duten lanaren lekuko izango dira Tolosako Topic eta Chillida Leku ere, larunbatean eta igandean.

Topaketa berezia da Aniztasunaren Gala. Oiasso Erromatar Museoak historiaren dibulgazioan eta kulturaren sustapenean egiten duen lanaz harago, irizpide sozialak dituzten ekimen anitz antolatzen ditu urtero. Eta aurten Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin bosgarren edizioa betetzen duen egitasmo honek, artista anitzen sorkuntzarako topagune berriak eskaintzen ditu. Aizpea Goenagak, Oiasso Museoko eta ekitaldiko arduradunak azaldu digunez, «beste kulturgune batzuekin saretze lanean sakontzeko baliagarria da». Izan ere, Aniztasunaren Gala urriaren 17an Oiasso Museoan, hilaren 18an Tolosako TOPICen, eta 19an Chillida Lekun hartuko dute, musika, dantza eta antzerkiari zuzendutako espazioak eskainiz.

Baina bereziki ikuspegi soziala duen ekitaldia da honakoa. «Arteak mugarik ez duela agerian uzten duen espazioa da, eta artista guztien gaitasunak partekatu eta parte hartzeko gonbidapen bat da». Alde horretatik, bosgarren edizio honetan, Iñaki Salvador, Galako musika zuzendaria, Jakes Txapartegi, Simon Ezquiaga, Esther Barandiaran, MagicSing Elkartea, Uikan Dantza Taldea, Ezezagunok (Oiasso Museoan eta Chillida Lekun) eta Verdini Dantza Taldeko (Chillida Lekun) kideek hartuko dute parte, «batzuk eta besteek dauzkaten trebetasun ezberdinetatik egiten duten lana erakusteko». 

Galara joateko sarrerak 5€ko prezioa dute, eta museo bakoitzaren webgunean eskura daitezke, baita programazioa kontsultatu ere. Hemen Irungo Oiasso Museoko informazioa