Osakidetzak duela sei hilabete hitzemandako pediatriako arreta zerbitzuak ez dituela bete salatu du Osasun Bidasoak

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 17a

Apirilean Osakidetzak ospitaleko Pediatria Larrialdiak itxi zituenean, anbulatorioetan zerbitzua 17:00ak arte luzatu eta, Irungo Erdiguneko osasun zentroan astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara, eta larunbata eta jaiegunetan 9:00etatik 22:00etara pediatra batek artatuko zituela hitzeman zuen. Sei hilabete geroago, erizainek artatzen dituztela salatu dute, eta ordutegiak ez dituztela betetzen. «Egungo eredua arriskutsua da haurrentzako», diote. 

Joan den apirilaren 13an Bidasoa ospitaleko Pediatria Larrialdi zerbitzua eteteko erabakia hartu ondoren, eta maiatzean Irungo karriketan 12.000 lagun bildu zituen manifestazioari erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aditzera emandako hobekuntzen esperoan jarraitzen dute bidasotarrek. Hala salatu berri du Osasun Bidasoa Plataformak plazaratu duen ohar baten bidez.

Ospitalea inauguratu zenetik 2012. urtera arte, ospitaleko pediatra talde batek artatzen zituen 14 urte artekoen larrialdiak. «Baina Osakidetzak osasun murrizketen testuinguruan erabaki zuen ospitaleko pediatria zerbitzua ixtea, eta osasun-zentroetako pediatrek ospitaleko larrialdiak estaltzera behartzea», gogoratu du plataformak. Hala ere, pediatriako larrialdiak itxi aurretik, Osakidetzak haur-arretaren kalitatea hobetzeko konpromisoa hartu zuela oroitarazi dute, eta ospitaleko pediatria larrialdien zerbitzua ordezkatzeko, Irun eta Hondarribiko anbulatorioetan 8:00-15:00 ordutegian eman ohi zuten zerbitzua 17:00ak arte luzatuko zutela hitzeman zuen. Era berean, Irun Zentroko osasun zentroko larrialdietan (PAC) pediatra batek arreta emango zuela iragarri zuten, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara, eta larunbata eta jaiegunetan 9:00etatik 22:00etara.

Haatik, sei hilabete hauetan osasun zentroetan pediatra faltaren ondorioz iragarritako egokitzapenik ez da eman. «Sei hilabete hauetan pediatra plaza gehienak estali gabe egon dira, eta kasu askotan, soilik larrialdiak artatu dira», dio Osasun Bidasoak, eta familiek zailtasun handiak pairatu dituztela ohartarazi dute, «larrialdiak ez diren kontsultetarako hitzorduak lortzeko, baita azterketa programatu gehienak ere, bertan behera geratu direlako». 

Diotenez, pediatra plazak estali beharrean, 12 izatetik 11 izatera pasa dira. Eta osasun zentroetan pediatra zerbitzua 17:00ak arte luzatzeko konpromisoa ez da bete, irailaren amaierara arte zenbait egunetan bakarrik bete egin dutela aitortzen badute ere. Baina oro har, gaur egun «erizaintzak estaltzen du ordutegia 17:00ak arte, baina askotan hiru zentroetan ez dago pediatrarik ordutegi horretan». Eta bestetan, familia-medikuek artatu behar izan dituzte haur-larrialdiak, «nahiz eta ez duten beharrezko prestakuntzarik ezta esperientziarik ere». 

Bestalde, Irun Zentroko osasun-etxean, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara pediatria-esperientzia duen erizain bat dagoela argitzen du plataformak, baina ez dela pediatrarik egon salatzen dute: «ez dago pediatrarik ordutegi horretan, eta larunbatetan eta jaiegunetan ez dago ez pediatriako erizainik ezta pediatrarik ere».

Horiek horrela, hurrengo hilabeteetan «egoera hobetuko denik pentsatzeko arrazoirik ez dute eman ez Osasun Sailak ez Osakidetzak», eta Osasun Bidasoa plataformaren ustez, «egungo eredua arriskutsua dela haurren arretarako segurtasunerako. Arrisku handia dago gaixo larri bat Donostiako ospitaleko larrialdietara garaiz ez heltzeko». Hortaz, plataformak Bidasoa ospitaleko Pediatria Larrialdiak berriro irekitzea eskatzen du.