Ilargi: «Aitaren heriotzaren doluan izandako ametsaren fruitu da 'Jaizkibel' kantua»

Koldo Nausia 2025eko urriaren 29a

Bere hirugarren diskoaren bigarren singela plazaratu du gaur Ilargi Arrizabalaga Alberdi musikariak. Jaizkibel izeneko abestia, bere aitaren heriotzaren ondotik bizitutako dolu prozesuaren fruitu da. Heldu den abenduaren 13an aurkeztuko du bere azken lana Lezon, eta Dolu(s)min diskoa musikatik harago doan proiektua dela dio, Gaztezulorekin elkarlanean Dolu(a)minak izeneko podcast saioa sortu baitu heriotzari buruzko tabuak apurtu eta doluari ikusgarritasuna emateko xedez.

Ilargi Arrizabalaga Alberdi abeslari eta sortzaile lezoarrak "Jaizkibel" izeneko singela plazaratu berri du gaur. Bere Dolu(s)min hirugarren diskoaren bigarren singela da honakoa. Izan ere, joan den irailean "Hil arte bizi" kantua aurkeztu zuen Ines Osinaga eta Marina Landarekin ahotsetan lagunduta. Ilargik iragarri duenez, bere disko berria abenduaren 13an Lezoko Gezala auditoriumean (Euskal Herria Plaza, 1) aurkeztuko du. Baina disko aurkezpen bat baino gehiago izango da. «Nire aitaren urtebetetze eguna da, eta berari omenaldi txiki bat izateaz gain, berezia izango da ez delako kontzertu aurkezpen soila izango, honi lotutako proiektu osoaren aurkezpena baizik», argitu du. 

Izan ere, musikaren munduan 2019an hasi bazen ere, 2022an bere aitaren heriotzak bere sorkuntza artistikoan etenaldi bat ekarri zuen. Eta orduan abiatu zuen dolu prozesuaren fruitu da orain argitaratuko duen hirugarren diskoa. Azaldu digunez, umetan sarritan joaten zen Jaizkibelera, aitak asko maite baitzuen txoko hura. Eta hura hildakoan, Ilargik kantak sortzeari utzi zion. Baina 2023an, aitarekin amets egin zuen. «Jaizkibelen kokatutako ametsa izan nuen, aitarekin nuen txoko kuttun batean, Jaizkibelgo Mixintxolan», dio, eta Jaizkibel kantua sortu zen amets hartatik, «hor piztu zitzaidan berriz musika sortzeko gogoa», kontatu digu 25 urteko musikari lezoar gazteak.

Hartara, eskuartean duen hirugarren proiektua musikatik haratago doa. Aitortu digunez, oraingoan konponketak egiteko saltoa eman baitu, eta doluaren inguruko unibertso bat sortu nahian dabil tabuarekin amaitzeko. «Beharrezkoa ikusi nuen nik bizitutakoa partekatzeko, eta gure gizartean isilean eramaten den doluaren minaz hitz egitea», azaldu digu Ilargik, «denok biziko dugun zerbait da, baina gazteen kasuan bereziki tratatzen ez den zerbait da».

Alde horretatik, musikatik urrats bat harago eman du, eta Gaztezulo agerkariaren eskutik, "Dolum(u)ina" izeneko podcast edo saioa aurkezten hasi berri da. «Hamaika telebistan ibilitakoa naiz eta pentsatu nuen doluaren tabua apurtzeko aukera polita zela hortaz hitz egiteko espazio bat sortzea», dio. Sare sozialetan ere oihartzuna izan du aipatutako podcastak, eta ongi dago bere ustez, «gaur egun sare sozialetan gure bizitzaren alde polita besterik ez dugula erakusten, eta bizitza errealaz mintzatzea beharrezkoa da».

Ibilbide musikala eta bidelagunak

Horiek hala, kontzertu akustikoak ematen hasi zen 2019an, euskal kanten bertsioak eta abesti propio batzuk kantatuz gitarra eta ahotsarekin. Eta 2021ean bere lehen diska "Killasisa" atera zuenetik ibilbide luzea egin du, hala artistikoki nola pertsonalki, proiektu berriari heldu arte.

Eta bidelagunik ez zaio falta izan musikaren arloan. Lehen diskoaren konponketak Iker Laurobak burutu baitzituen, eta 2022an Pablo Novoak konpondu eta Haritz Harreguyk grabatutako diskoa atera zuen, "Beldurrarekin dantzan" izenekoa, indie pop elektronikoa jorratuz. MIN sarietan finalerdietara sailkatu zen lan horrekin, Euskarazko disko onenaren kategorian, eta Gaztea Maketa Lehiaketan finalista gai hautatua ere izan zen. Garai horretan beste bi pertsona batu zitzaizkion proiektura, Mikel Zubiria bateria-jotzailea eta Manu Moro gitarra-jotzailea, hirugarren disko honetan bidelagun dituenak. Bitartean, "Hil arte bizi" kantuan Ines Osinaga eta Marina Landaren parte-hartzea lortu du ere, «emakumezko ahotsak gehitu» nahi zituelako. Eta bide horretan, lan berriak lortu duen oihartzunarekin kontent azaldu da Ilargi.