Gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio osasun mentalari. Pandemiaz geroztik bolo-bolo aipatu da gazteen osasun mentalaren okertzea. Baina osasun mentala parekoekin hitz egiteko gai deserosoa eta pribatua den heinean, antsietatea, depresioak, traumak... gehiegitan borrokatzen ditugu norbere etxean. Bakardadean. Pentsamendu-zurrunbiloetatik ateratzea zaila izaten da horrela. Eta terapia edo profesionalen laguntza giltzarri bilakatzen da.
Are gehiago, gure osasun mentala doluak ezbaian jartzen duenean. Izan ere, onenean ere, bizirik jarraitzen dugun bitartean bederen, maite dugun pertsona baten heriotza denok sufritu beharko dugu berandu baino lehen. Eta gaur egungo gizartean ez gaituzte heriotzari aurre egiteko hezten.
Hala pentsatzen du Oihane Garamendi psikologoak, eta bere ustez, «heriotza naturalizatu beharko genuke», normalizatu. «Txikitatik hasi beharko genuke hezkuntzan, denok biziko dugun zerbait delako, eta jakinda gainera askotan ez dela banaka etortzen, epe labur batean bata bestearen atzetik iritsi daitekeela, eta garrantzitsua da sufrimendu hori kudeatzeko tresnak edukitzea», dio psikologoak. Bere ustez, eskoletan tutoretzan tarte bat hartu eta narratiba ezberdinak erabil daitezke adinari egokituta haurrekin gaia lantzeko. Baina gaur-gaurkoz, haur eta gazteei «estali edo goxatu» ohi zaien errealitatea da, eta nahi baino gehiagotan «dolu prozesuak konplikatzen dira».
Hondarribia aitzindari
Alde horretatik, Hondarribiko Udala Euskal Herriko udal bakarrenetarikoa da ‘Dolu Laguntza Zerbitzua’ eskaintzen duena. Joan den martxoan abian jarri zuten BETIRAKO zerbitzuarekin lankidetzan, eta asteazkenero Kasino Zaharrean hartzen ditu Oihane Garamendik laguntza beharretan diren herritarrak. «Berri oso ona izan da, azkenean dolua prozesu natural bat da, eta gehienetan ez da laguntzarik behar, baina batzuetan ezinbestekoa da eta Hondarribiko Udalak itzeleko lana egin du abian jartzeko», azpimarratzen du.
Izan ere, osasun mentalak kezka sortzen badu ere, tamalez, osasungintza sistema publikoak ez dio beharko lukeen arreta eskaintzen. Eta Hondarribiko Udalak behar horri erantzuteko halako zerbitzu bat abian jarri behar izana bada horren seinale. Josu Peña, Gizarte Kohesiorako zinegotziak argitu duenez, psikologia zerbitzua ez da udalaren eskumena. «Baina ikusten genuen udalak bizilagunekiko gertuen dauden erakundeak izanik, badaukagula ardura bat, uste dugu Gizarte Zerbitzuek ez dutela soilik legeak agintzen dituen zerbitzuak eman behar, eta hau adibidez, komunitatea sortzeko ezinbestekoa da», nabarmentzen du udal ordezkariak.
Zerbitzu arrakastatsua
Eta praktikak erakutsi du beharrezkoa zela. Izan ere, hasieran froga pilotu gisa abian jarri zuten, eta lehen egunetan 30 eskari jaso ondoren, herritar gehiagok eskatu dute hitzordua. Azpeitian abian jarritako antzeko zerbitzu bat hartu zuten eredu gisa. Hala ere, Hondarribikoaren kasuan dolua ikuspegi zabal batetik artatu nahi izan dute. «Azpeitian heriotzari lotutako dolu prozesuetan laguntzen dute bakarrik, baina minak eta sufrimendua atera behar izateko arrazoi asko izan ditzakegu, bikote banaketa bat edo lan galera bat, adibidez», argitu du Josu Peñak.
Hautetsiak dioenez, «martxoaz geroztik saio guztiak beteak egon dira, eta itxaron zerrenda dugu, nire ustez harro egoteko modukoa da». Laguntza behar duen herritar bakoitzari bakarkako 10 saio ematen dizkio Oihane Garamendik, eta honek ere oso balorazio positiboa egiten du. «Egia da heriotzagatik izan direla gehienak, baina bikote banaketagatik, lan galeragatik ere etorri dira gutxi batzuk», kontatu digu psikologoak, pertsona askorentzat lehen saioa mugarri bilakatzen dela azpimarratuz, «egia da lehen aldian emozioak gure barruan mugitu egingo zaizkigula jakinda zalantzaz beteak eta urduri datozela, baina gezarri orduko esango nuke aldatzen dela, eta lehen saioa pasatutakoan gehienek eskertzen dute».
Bere saioetan «entzun eta barruan daramagun minak ateratzeko tresnak eskaintzen» die. Alde horretatik, heriotza baten aurrean, dolu prozesua hasi eta gainditzeko epe logikorik edo normalarik ez dagoela ulertzen du Garamendik. «Seinale bat izan daiteke, baina guretzako denbora ez da faktore garrantzitsua, izan ere, txarto sentitzen garen mementoan, hor zerbait gertatzen ari dela ohartu behar gara», dio Garamendik, «baina batzuetan zaila izaten da min hori norbere buruan identifikatzen, eta albokoak ohartzen dira gehienetan maite dugun pertsona sufritzen ari dela».
Minak kanporatzeko bakarkako saioak eta taldeka
Hortaz, oraindik ere ausartu ez denari «deitzeko eta probatu dezala» gomendatzen dio psikologoak. Asteazkenero 13:00tik 17:00etara Kasino Zaharrean jasotzen ditu erabiltzaileak. «Oso gune egokia eta goxoa da», aitortzen du Garamendik, konfidentzialtasuna bermatzeaz gain, saioak eragin dezakeen sentimenduen ekaitza baretzeko, eta arnasa hartzeko, lorategia eta inguru aproposa baitu.
Zerbitzua erabiltzeko Hondarribian erroldatuta egon behar da, «bertako herritarren inpostuetatik ordaintzen den zerbitzua delako». Baina Hondarribian dabilen edo herriarekin harremana duten pertsonek deitu dutela dio Josu Peña zinegotziak. «Ea erabiltzerik zuten galdezka deitu dute inguruko herrietatik, eta hori behar bat dagoela erakusten du», dio. Hondarribiko 17.000 biztanleei zuzendutako zerbitzua doakoa da, eta hitzordua udalaren atarian eska daiteke.
Era berean, erabiltzaileen eskaria ikusita, eta doluaren alderdi emozional eta psikologikoei erantzutea behar sozial bati erantzuten diola frogatuta, ikasturte honetan zerbitzua mantentzea erabaki du udalak. Eta banakako esku-hartzea garrantzitsua bada ere, taldekako saioak antolatzeko asmoa iragarri du Josu Peñak. «Ikusten ari gara zenbait saio egiten dituzten herritar batzuk, dagoeneko prozesuaren beste fase batean aurkitu daitezkeela, eta taldekako saioak antolatzea aproposa izan daitekeela», argitu du Peñak.
Oihane Garamendiren ustez ere, esku-hartze komunitarioaren ikuspuntutik proposatzen du udalak zerbitzua. Eta alde horretatik, «bakarkako terapia garrantzitsua bada ere, parekoekin antzeko esperientzia sufritzen ari diren pertsonekin partekatzea oso garrantzitsua izan daiteke».