Mugetan, eta bereziki Bidasoko mugan bizi diren eskubideen urraketak salatu dituzte Irunen. Europako «migrazio politika faxistek» migratzaileei gero eta bide arriskutsuagoak egitera behartzen dietela gogoratuz. Profil etnikoan oinarritutako «kontrol arrazista eta diskriminatzaileak» batetik, eta bestetik, migratzeko eskubidearen defentsan harrera duin baten alde lan egiten duten boluntarioen kriminalizazioa salatu zuten Irungo San Juan plazan egindako agerraldian.
Irun migrazio-bideen gune estrategikoa
Era berean, migrazio-politika europarrek jatorrizko herrialdeetan, trantsituan eta helmugan dituzten ondorioak aztertu zituzten Palmera Monteron antolatutako mahai-inguruan. Ez dute ausaz Irun aukeratu. Amher elkarteko Fatima Fernandezek dioenez, «Irunek funtsezko eginkizuna betetzen baitu nazioarteko migrazio prozesuetan, eta Europarako bidean igarotzen ari den migraziorako gune estrategikoa bilakatu da».
Topaketan Afrika eta Europa arteko mugetan, migratzaileen jatorrizko herrialdeetan zein Irun-Hendaia bezalako Europako barne-mugetan giza eskubideen alde ari diren eragile ezberdinak elkartu ziren. Oihana Galardik, Irungo Harrera Sareko ordezkariak topaketa honek «Irunen aspaldi salatzen ari garen migrazio politika arrazistak, toki ezberdinetan ere arrazoi berberen ondorioz errepikatzen direla ohartzeko» balio izan duela nabarmendu du.
Alde horretatik, Fatima Fernandez, Amher erakundeko kideak azpimarratu du «hemen gertatzen diren giza eskubideen urraketak ez dira salbuespen bat, oinarrizko eskubideak ukatzen dituen eredu oso baten parte baizik». Hartara, eskubideen defentsan mobilizatzeko beharra eta injustiziak salatzera animatu ditu herritarrak.
Isilarazitako desagerpen masiboak
Helena Maleno, Caminando Fronteras kolektiboko sortzaile, kazetari eta nazioarteko 30 sari jaso dituen giza eskubideen aldeko aktibistak ere izan zuen atzo, bidean hildako migratzaileen errealitateaz hausnartzeko aukera. Migratzaileek gero eta ibilbide arriskutsuagoak egitera behartzen dituztela salatu du. Eta aurten Kanariar Uharteetarako bidean Ginea Konakrytik (2.000 kilometro baino gehiagora) zazpi patera abiatu izana jarri du horren adibide. «Kontrol eta disuasioaren politika migratorioek hormak altxatzen dituzte, eta ibilbide migratorioetan segurtasun sistema zorrotzek gero eta bide luze eta arriskutsuagoak, eta heriotza gehiago eragiten dituzte», dio Malenok, Europa eta Espainiako agintariei ardura leporatuz, haien arrazismo instituzionala salatuz, «espainiar Estatuko mugetan nor bizi den eta nor hiltzen den erabakitzen duen politika indarrean ezarri dute, itsasoan sokorritzeko betebeharraren omisioaren politikak dira», salatzen du.
Era berean, itsasoan urtero hildako milaka lagunekin bezala, 2021eko apiriletik Bidasoa zeharkatu nahian hildako 10 migratzaileen kasuan ere, haien senideen eskubideak aldarrikatzen ditu Caminando Fronteras kolektiboko sortzaileak. Helena Malenok argitu duenez, hildako migratzaileen senideak biktimak diren heinean, hauek babesteko neurriak har ditzaten eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. «Mugetako biktimen senide horietariko asko hemen bizi dira, gure bizilagunak dira, eta desagertutako beste pertsonekin bezala Biktimen Bulegoetara, polizi-etxeetara salatzera joan ahal izatea exijitzen dugu», dio giza eskubideen aktibistak, izan ere, biktima horien eskubideak aitortu ezean, bere ustez «estatuak ez ditu errekonozitzen, eta isilarazitako desagerpen masiboak dira Espainiako Gerra Zibileko hobietan desagertutakoen efektu eta min berbera eragiten dute gure gizartean».
Mamadou Dia, Senegaleko Hahatay Fundazioko sortzaileak ere parte hartu zuen mahai-inguruan. «Giza duintasuna aldarrikatzeko eta migrazioaren drama salatzeko» halako espazio komun baten garrantzia nabarmendu du. Eta giza eskubideen ukazioan oinarritzen den sistema kapitalistak eragiten duen pobreziaren negozioa salatu du, bere enpresa eta mafia guztiekin amaitu beharra dagoela aldarrikatuz. «Pobrezia eta hondamendiak eragiten dituzte jatorrizko herrialdeetan, eta afrikar gazte askori bake espazioak agortzen zaizkienean, migratzea besterik ez dute bizimodua ateratzeko alternatiba, baina eskubide hori ukatzen die sistemak, hemengo gazteei etxebizitza eta bizimodu duin bat lortzea ukatzen dien sistema berberak, pobreziaz lukratzen dena». Horrek guztiak migrazio-ibilbideak «infernu» bilakatzen dituela dio Mamadouk, eta Irun ere, heriotz asko eragiten dituen infernu horren parte dela.