Txingudiko Zerbitzuetako langileek grebara deitu dute azaroaren 10ean lan baldintzak hobetzeko

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 31

Lan hitzarmenaren negoziazioa edukiz hustu izana leporatzen diote Irungo eta Hondarribiko urak eta hondakinak kudeatzen dituen Txingudiko Zerbitzuak enpresari. «Langileekiko errespetuzko negoziazio zintzo bat» exijitzeko, eta hitzarmen berria lortu arte, mobilizatzen jarraituko dute. Gaur bezala, azaroaren 5ean ere lanuztea deitu dute, eta azaroaren 10ean egun osoko grebara deitu dute.

Txingudi Zerbitzuetako langileek azken urteetan izandako erosahalmen galeraren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 baldintzarik gabe osatzea, jardunaldi murrizketa, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen mahaigaineratu zituen joan den martxoaren 24ko mahaian enpresa komiteak aurkeztutako plataforman. Besteak beste, telelana, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea bezalako aldarrikapenak jaso dituzte.

Hurrengo mahaia maiatzaren 16rako finkatua zegoen arren, enpresak bilera hori bertan behera utzi zuen unilateralki eta data alternatiborik ez duela proposatu salatu du ELA eta LAB sindikatuek osatutako enpresa komiteak. «Langileekiko errespetu falta bat da, enpresaren jarrera onartezina da, negoziaketa denboran luzatu eta oztopatzen ari baitira», salatu du euskal sindikatuak. 

Hori dela eta, Txingudiko Zerbitzuetako langileek jarraipen zabala izan zuten mobilizazioak abiatu zituzten joan den udaberrian. Eta ekainaren 10erako, enpresako zuzendaritza administrazio kontseiluarekin biltzekoa zen egunerako, paro eta mobilizazio berri bat deitua bazegoen ere, bertan behera utzi zuten, «egindako presio eta mobilizazioei esker ekainaren 13rako, negoziazio mahai bat jartzea lortu» zutelako.

Enpresa komitearen partetik «negoziaziorako fede ona» erakutsi nahi izan zutela diote, baina bilera horretan enpresak negoziaketa edukiz hustu zuela salatzen dute, «Administrazio Kontseiluak ezarritako irizpideak aitzakiatzat hartuta soldata bezalako gai estruktural eta garrantzitsuak negoziazio esparrutik atera zituzten», argitu du ELAk. Diotenez, enpresak Udalhitz edota Irungo Udaleko akordio ezberdinak erreferentziatzat dituela esan arren, errealitatea bestelakoa da haien ustez, Txingudiko Zerbitzuetako langileen soldatak Irungo Udaleko soldatetatik oso urrun baitaude.

Honen aurrean, langileek jarraipen zabala izan duen bi orduko lanuztea eta Irungo Udalaren aurrean elkarretaratzera deitu du gaur, enpresako zuzendaritzari lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioa martxan jartzea exigitzeko, eta udal ordezkariei babesa eman diezaieten eskatzeko. 

Alde horretatik, «langileekiko errespetuz eta arduraz jokatzeko, eta edukiz betetako negoziazio zintzo bat» galdegiten dio ELAk enpresari. Eta hori exijitzeko, eta hitzarmena lortu arte, greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko dutela iragarri dute. Azaroaren 5ean beste lanuzte bat egingo dute langileek, eta azaroaren 10ean egun osoko greba deitu dute.