Hezkuntza sistema publiko eta euskaldun propio baten aldeko greba antolatzen ari dira abenduaren 11rako

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 18a

Ikama ikasle abertzaleen antolakundeak abenduaren 11n greba orokorra eta mobilizazio eguna deitu du. Pio Baroja institutuan Ikamaren lantaldea indartu berri dutela, Irungo eta Hondarribiko 14 urtetik gorako ikasleak dituzten gainerako ikastetxeetan ere lanketa egiten ari dira, hezkuntza sistema publiko eta euskaldun propio baten defentsan.

Ikasle mugimendua eta mobilizazioak indartzera doaz Hego Euskal Herrian. Ikama ikasle abertzaleen antolakundeak abenduaren 11n greba orokorra eta mobilizazio eguna deitu du. Eta Irungo Pio Baroja institutuan Ikamaren lantaldea sortu berri dutela, Irungo eta Hondarribiko 14 urtetik gorako ikasleak dituzten gainerako ikastetxeetan ere lanketa egiten ari dira. 

Intza Sarasola Mentaberri, Ikamako kidea da, eta belaunaldi berriak haien eskubideak aldarrikatzeko aktibatu eta subjektu aktibo direla kontzientzia har dezaten, lan nekeza dela aipatu digu. Baina horretan ari direla, bere institutuan bezala, greba egiteko eskubidea duten eskualdeko beste hezkuntza zentroetan ere. 

Ikama antolakundeak dioenez, «euskararen aurkako oldarraldi betean gauden honetan, ezinbestekoa da euskararen aldeko olatu berri bat sortzea, eta ikasleak lehen lerroan egon behar dutela», aldarrikatzen du Intza Sarasolak ere. Izan ere, errealitatea aldrebesa da hezkuntza benetan euskalduna nahi dutenentzako. Teorian D eredua indarrean bada ere, ikasleen arteko harremanetan ez ezik, irakasle askoren eguneroko jardunean ere, erdarak duen presentziarekin kezkatuak daude.

Ikamaren arabera, «euskarak ezin du Espainiako eta Frantziako marko juridikoen menpe egon», eta euskal hezkuntza euskaldun propio bat eraikitzea beharrezkoa da. «Ikasle gehienak D ereduan ikasi arren, erdaraz hitz egiten jarraitzen dute lagunartean, eta erdarara jotzeko dagoen jarrera erabatekoa da», azaldu digu Intzak, «eta ikasle askoren partetik euskararekiko gorrotoa dago, edo errefusatzen dute». Aldiz, ikasle askok ideiak euskaraz adierazteko dauzkaten zailtasunak agerikoak badira ere, irakasleen partetik ere azalpenak edota material pedagogikoa sarritan gaztelaniaz eskaini ohi dutela salatzen du. «Niri pertsonalki zaila egiten zait hobe moldatzen naizelako euskaraz, baina D ereduan gaudela, ez zait normala iruditzen», dio Ikamako kideak. 

Horregatik, abenduaren 11n ikasleak kalera aterako dira, eta euskararen eta hezkuntza sistema publiko eta euskaldun propio baten defentsan grebara deitzeko lanketan ari dira.