Urtero 200 abelburu inguru bildu ohi dira Lesakako plazan. Aldiz, joan den urriaren 19an, Lesakako ferietan aziendak ateratzen dituzten abeltzainek egindako bilera batean Bortzirietako abeltzainek erabaki zuten, «urtean zehar Lesakako Udaleko ordezkarien jarrera zein izan den kontuan hartuta» protesta egin eta aurten aziendak ez ateratzea. Abeltzainek diote sei urte daramatzatela feria eguna aldatzeko eskatuz, baina inork ez duela hori hala izan dadin egin beharreko prozesua garaiz abiatu. Lehen sektoreko postu eta makina saltzaileei ere, protestara elkartzeko gonbidapena luzatu zieten.
Hala ere, aziendari dagokionez, agintarien debekua iritsi zen haien erabakiaren ondotik. Izan ere, urriaren 22an Nafarroako Gobernuak dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea saihesteko aziendak plazaratzeko debekua ezarri zuen. Dena den, datorren urtetik aitzinera ostegunean edo ostiralean egin erabakitzeko herri§galdeketa deitu du Lesakako Udalak azaroaren 30erako.
Etorkizun hurbilean, aldiz, ostegun honetan azienda erakusketarik eta lehiaketarik gabe ospatuko dituzte aurtengo feriak. Goizetik hasita, eskulangileen erakusketa izanen da Beheko Plazan. Eskualdeko ikastetxeek beraien ikas bidaietarako edo elkartasun helburuetarako postuak ere paratuko dituzte, eta 11:00etan herri kirol erakustaldia eginen dute Plaza Zaharrean. Ondotik, bertso saioa izanen dute. Kioskotik kantari ariko dira Xabat Illarregi Marzol leitzarra eta Miren Artetxe Sarasola.
Arratsaldean, 18:00etan, pilota jaialdi berezia ospatuko dute. Umore Onako Alize Sagardui goizuetarra eta Arkupeko Joana Iratzoki igantziarra, Arkupeko Amaiur eta Ainitze Martinez Lesakako ahizpen kontra ariko dira. Eta ondotik, Garfe enpresa profesionalaren eskuz binakako III. Openeko finala jokatuko dute Pradok eta Merino II.ak, Ugaitz Elizalde iturendarraren eta Arbizuren kontra.
Ordu berean, dantzaldia hasiko da Plaza Zaharrean, Imanol Intxaustiren eta Imanol Larrañagaren eskutik. Eta 19:00etan Beti Gazte Kantari Alondegiko arkupetan.