Irun eta Hondarribiko administrazioa eta enpresa-sarea eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten ari da. Bidasoa Bizirik erakundeak Eskualdeko Energia Planaren baitan egindako azken bilanaren arabera, azken urteetan egindako ahaleginek emaitzak lortu dituzte karbono aztarna murrizterakoan. Horretarako, tokiko administrazioen diagnostikoa eta jasangarritasun plan abian jartzeaz gain, enpresentzako aholkularitza zerbitzua ematen du Bidasoa Bizirik. Eta era berean, energia trantsiziorako helburuekin bat eginez, lantegien jardueran energia kontsumoak eta fakturak apaltzeko har daitezkeen neurriak eta egin daitezkeen inbertsioetarako dirulaguntza publikoak lortzeko aholkularitza eman dute.
Alde horretatik, Irun eta Hondarribiko udalak inplikatzen dituen Bidasoa Bizirik garapen agentziak hainbat urrats eman ditu azken urteetan. Naider Consultores enpresaren laguntza teknikoarekin Eskualdeko Energia Plana osatu zuten 2022an, Behe Bidasoa eskualdeko energia kontsumoak, pobrezia energetikoa, karbono isuriak eta energia-berriztagarrien inguruko diagnostiko bat eginez. Eta 2022tik aurrera hainbat enpresekin lanean aritu dira proiektu pilotu ezberdinak garatzen. Dinuy eta Plasticos de Lezo enpresak izan ziren aurrenekoak. Baina orduz geroztik hainbat beste sektoreetako enpresek parte hartu dute, haien karbono aztarna murrizteko planetan. Ostalaritza eta sektore turistikoan, adibidez, Hondarribiko Obispo eta Jauregui hotelak, Irungo Hotel Aitana eta Pension Europa, Ola sagardotegia eta Cafe Irun izan dira besteak beste, plan hauei esker haien karbono isuriak %25 apaltzea lortu dutenak, hondakinen murrizketa, mugikortasun jasangarria eta energia-kontsumoen apaltzeari esker.
Orain artean sei plan ezberdin garatu dituzte eskualdean, eta ADOS Sostenibilidad y Clima S.L. eta EMITERMIK enpresen laguntza teknikoarekin enpresen jasangarritasun energetikoa hobetzera bideratutako estrategia eraginkorra izan dela nabarmendu dute.
Hortaz, eskualdeko enpresa eta administrazioen konpromisoa trantsizio energetiko eredugarri baterantz lan egitea denez, datozen hilabeteetan deskarbonizazio-metodologia aurreratuak garatzeko, beste bi enpresetan proiektu pilotu berriak burutuko dituztela iragarri du Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirikeko presidenteak.