Palestinako kaleetan murgiltzeko 'Bakearen Soinu Mapa Ilustratuaren' ibilaldia antolatu du UNRWAk Bidasoan

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 21a

Nazioa Batuen Erakundearen UNRWA agentzia humanitarioak "Palestina Mapan: ibilaldi solidarioa" antolatu du, eskualdetik atera gabe, Palestinako kaleetan zaudenaren sentsazioa sortzeko. EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Donostiako Xabier Zubiri Manteoko ikasleek sortu duten Bakearen Soinu Mapa Ilustratuaren urratsetan hausnarketa kolektiboa egitera gonbidatzen dituzte bidasotarrak. Hondarribiko ibilaldi solidarioa azaroaren 26an (18:00) egingo dute, eta hilaren 29an Irungo Landetxan (12:00) eta Alde Zaharrean (17:00). 

Su-etena indarrean sartu zenetik 500 palestinar baino gehiago eta milaka lagun zauritu ditu Israelgo estatu genozidak. Ez dira eten indar sionistek palestinarren etxeen, konboi humanitarioen eta babeslekuen aurka egindako erasoak. Eta horrek guztiak gezurtatzen du Donald Trumpek eta hainbat herrialde aliatuk iragarritako ustezko «gerraren amaiera». Izan ere, Gaza infernua lurrean da, munduko kartzelarik handiena. Eta Palestinako genozidioa agintarien agendatik eta komunikabideen lerroburuetatik ezkutatu egin dute. Baina azken hilabeteetan Euskal Herrian gizartea asaldatzera eraman zuen elkartasun uholdeak itzaltzera jo badu ere, erakunde humanitarioek lanean jarraitzen dute. Etengabe, giza eskubideen alde.
 

Horietariko bat da UNWRA. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) agentzia humanitarioa. Euskadin duen delegaritzako kide eta Gipuzkoako ordezkaria da Irene Rubio irundarra. Berak azaldu digunez, UNRWAk «lan itzela egiten ari da laguntza humanitarioa palestinarrei eramateko, baina oraindik ere milioi bat pertsona dira ez dutenak ezer jateko, eta krisi humanitarioa oso larria da». Izan ere, Israelek iragarritako korridore humanitarioak ireki dituen arren, «oraindik ere zailtasun handiak daude».

Bakearen Soinu Mapa Ilustratua
 
Bien bitartean, NBEren agentzia humanitarioak sentsibilizazio kanpaina ugari antolatzen ditu. Eta azaroaren 29an Giza Eskubideen Defendatzaileen Nazioarteko Egunaren bueltan, "Palestina Mapan: ibilaldi solidarioa" ekimena antolatzen ari da Gipuzkoako zenbait herritan. Hondarribian azaroaren 26an (18:00etan) udaletxetik abiatuko dira, eta Irunen azaroaren 29an bertan, Landetxa auzo elkartetik (12:00etan) eta Alde Zaharreko auzo elkartearekin lankidetzan, aldiz, San Juan plazatik abiatuta (17:00etan) proposatuko dute «hausnarketarako ibilbidea». Bertan parte hartzeko hemen izena eman beharra dago aldez aurretik. 
 
Rubiok azaldu digunez, «ibilaldia kaleetatik ibiltzeko prestatua dago, eta guk inmertsio sentsazioa sortzen duten aurikularrak banatzen dizkiegu parte-hartzaileei, eta ibilaldian kontakizun ezberdinak entzun eta gero, geraleku ezberdinak egingo ditugu komentatu eta hausnartzeko». Kontakizun bakoitza giza eskubide bati lotuta dagoela dio, eta ibilbide hunkigarria bada «Palestinako kaleetan zaudenaren sentsazioa emateko pentsatua dago». Alde horretatik, gogoeta kolektiboa bada ere, norbere hausnarketa egitea da helburua.
 
Iragarri duenez, soinu efektuak eta sakon landutako kontakizunak topatuko ditu hurbiltzen den orok. Argitu digunez, joan den urtarrilean Bakearen Soinu Mapa Ilustratuaren proiektua lantzen hasi baitziren Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Proiektuak Gipuzkoako ikasleak sentsibilizatzea eta, lanketa horren baitan, ikasleek mapa sonoro bat sortzea zuen helburu, eta horri esker, «Gipuzkoa eta Palestinaren artean zubi sinboliko bat eraikitzea». EHUko Antropologia campuseko, Donostiako Xabier Zubiri Manteo BHI institutuko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleekin sentsibilizazio saio batzuk egin zituzten. Eta ondoren, ikasleek beraiek sortu dute mapa sonoroa.