Behar Bidasoa GKEko sortzailea Agustin Ugarte zendu da, kooperazio lanaren erreferentea Gipuzkoan

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 22a

1976. urtean, bere lagun José Ramón Amunarriz misiolariak Ruandako errealitatera hurbildu zuenetik aurrera, elkartasun eta kooperazio lanaren erreferentea bilakatu zen Gipuzkoa mailan. 2010ean Irungo Hiriko Urrezko Domina jaso zuen "gainerakoei eskainitako dedikazio handiarengatik", eta Behar Bidasoa GKEaren sortzaile, mende erdiz kooperazioaren eredu eta itsasargi izan da eskualdean.

Agustin Ugarte Manterola zendu da, Irungo eta Gipuzkoako elkartasun eta kooperazio lanaren erreferentea, eta Behar Bidasoa GKEaren sortzaile eta presidentea. Erakundeak berak "tristura handiz" jakinarazi du bere heriotza, eta Irungo Udalak ere Ugartek utzitako "aztarna ezabaezina" nabarmendu du, eta Cristina Laborda alkateak azpimarratu du "Agustin ezinbesteko erreferentea izan zela hirian, etengabeko konpromisoagatik eta laguntza gehien behar zutenei zuzendutako elkartasunagatik". Ibilbide luze horren irudiko, 2010ean hiriko goraipamenik handiena jaso zuen, Irungo Urrezko Dominarekin kondekoratu zuen udalak "gainerakoei eskainitako dedikazio handiarengatik". Honakoa ez da bizirik zegoela jasotako aitortza bakarra. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere izena daraman saria sortu zuen, nazioarteko lankidetzan egindako bizitza osoko lanari esker onez.

Hortaz gain, Behar Bidasoan egindako lan handia alde batera utzita, Santiagoko Auzo Elkarteko presidente gisa, herritarren aktibismoak ere markatu zuen bere bizi-ibilbidea, eta hau ere goraipatu du alkateak.

Behar Bidasoak 50 urte beteko ditu 2026an, eta urtemuga ezin izango du ospatu. Baina "bere ondareak bizirik dirau GKE honetan" adierazi du Labordak, berekin azken aldiz topatu zenean honen harira izandako azken solasaldia gogoratuz, "baina ereduak bizirik dirau eta inspiratzen jarraituko gaitu", amaitu du Labordak.

Behar Bidasoako kideek Agustinen konpromiso soziala, pertsona desberdinak helburu komun baten inguruan elkartzeko gaitasuna eta gizatasun sakona goraipatu dute, erakundearen ibilbidea hasiera-hasieratik markatu zutela gogoratuz.

1976. urtean, bere lagun José Ramón Amunarriz misiolariak Ruandako errealitatera hurbildu zuenetik aurrera, Ruandako herriaren alde lan egin zuen beti 'Amigos del Tercer Mundo' elkartetik. Hainbat aldiz bidaiatu zuen Kabugara (Ruanda), proiektuen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko, familiei entzuteko eta lankidetza-lanaren eragina zuzen-zuzen ikusteko. Eta "bere hurbiltasunak eta pertsonen duintasunarekiko errespetu sendoak" Behar Bidasoa gaur egun dena izatera eraman zutela gogoratu dute GKEko kideek.

Hil artean aktibo jarraitu duela oroitarazi dute. 93 urterekin, oraindik ere "boluntario askorentzat inspirazio eta eredu" izanik. Behar Bidasoak plazaratu duen dolumin oharrean aitortu duenez, "bere ondarea gure proiektu bakoitzean eta aldatzen jarraituko duten bizitza guztietan bizirik egongo da, berak hasi zuen bideari esker".