Lurraldebuseko E29 linea beharrezkoa zela frogatuta, abenduaren 1etik aurrera zerbitzua hobetzea adostu dute

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 25a

Donostiako Ospitaleko langileek egindako eskaerari erantzunez, abenduaren 1etik aurrera, goizeko lehen zerbitzua hamar minutu aurreratzea erabaki dute, eta Hondarribitik 7:00etan abiatu ordez, 6:50etan aterako den bitartean, 14:10ekoa ere 14:00etara aurreratuko dute langileek lan-txanda aldaketara garaiz iristea bermatzeko. Era berean, 8:10etik 17:10era orduero zerbitzu bat izango da, eta autobus bana gehiago 19:10ean eta 21:00etan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek aditzera eman duenez, abenduaren 1etik aurrera E29 linearen ordutegiak egokituko dituzte «zerbitzua herritarren beharrak asetzeko» helburuarekin. Izan ere, linea hau bidasotarren eskaerari erantzunez martxan jarri zuten joan den ekainaren 20an. Eta orduz geroztik, erabiltzaile kopuruen bilakaerak «beharrezkoa» zela frogatu du.

Irungo udaletxean egindako agerraldian emandako datuen arabera, azaroaren 17ra bitartean 42.363 bidaiari erregistratu dituzte E29 linean, horietatik 23.545 ospitale-norabidean egin dira eta 18.818 Hondarribiko noranzkoan. Eta hasierako helburuak asebetetzen dituela nabarmendu dute. Autobus zerbitzu honek astelehenetik ostiralera lotzen ditu Hondarribia eta Irun Donostiako ospitalea eta Miramongo parke teknologikoarekin. Eta zerbitzua abian jarri aurretik, foru diputatuak Irungo eta Hondarribiko alkateekin, eta Bidasoa Eskualdeko Minbiziaren Aurkako Elkarteko, Irungo Auzo Elkarteen Federazioko, Makila elkarteko eta Osakidetzako langileen ordezkari sindikalekin udaberrian egindako bileran adostu zuten bezala, ospitaleko erabiltzaile zein osasun-zentroko eta Miramongo langileekin pentsatutako zerbitzua da. 

Ekainaren 10ean Irungo udaletxean bilera egin zuten agintariek eragileei E29 linearen berri emateko.

Alde horretatik, ekainaren 20tik E29 lineak izan duen bilakaerak baieztatu du, horretarako eraginkorra suertatzen ari dela. Izan ere, Foru Aldundiko arduradunak azaldu duenez, ekaineko 10 egunetan 1.651 bidaia izan ziren bitartean, uztailean eta abuztuan 7.349 eta 7.141 bidaiari jaso zituzten hurrenez hurren. Baina udako oporraldien amaiera eta ikasturte hasierarekin, erabiltzaile kopuruak gora egin du nabarmen. Irailean, 10.182 izan ziren, eta joerak gora egiten jarraitu du urrian, 11.005 bidaiarekin. Azaroaren lehenengo 17 egunetan ere, beste 5.035 bidaiari jaso ditu zerbitzuak. «Datuak bat datoz udako hilabeteetan ospitalean gutxieneko kanpo-kontsultak izaten direlako, eta langileak oporretan daudelako», dio Azahara Dominguezek, «baina ikasturtearen hasierarekin ikusten ari gara erabiltzaileen kopurua handitzen ari dela, eta horrek erakusten du beharrezkoa zela linea hori abian jartzea».

Erabiltzaileei egokitzeko hobekuntzak

Zentzu horretan, Bidasoaldea Donostiarekin lotzeko aukera bat gehiago eskaintzeaz gain, biztanleriaren bi segmentu zehatzei zerbitzu zuzena ematen diela nabarmendu du foru diputatuak. Ospitalera joan behar duten herritarrak, eta ospitaleetako nahiz Miramongo teknologia-parkeko langileei. 

Hau guztia kontuan hartuta, zerbitzua mantentzeaz gain, hobekuntzak egingo dituzte abenduaren 1etik aurrera. «Oraindik hobetzeko tartea dago», argitu du, ordutegiak aipatutako erabiltzaile kolektiboen beharretara egokituko dituztela iragarriz. Zehazki, ospitaleko langileek egindako eskaerari erantzunez, abenduaren 1etik aurrera, goizeko lehen zerbitzua hamar minutu aurreratzea erabaki dute, eta Hondarribitik 7:00etan abiatu ordez, 6:50etan aterako da, langileek lan-txanda aldaketara garaiz iristea bermatuta izan dezaten. Eta ondoren, 8:10 eta 17:10 bitartean orduero zerbitzu bat emango du, 14:10ean izan ezik. Orduan autobusak 14:00etara aurreratuko baitu irteera, goizean bezala langileen txanda-aldaketetara egokitzeko. Era berean, autobus bat egongo da 19:10ean eta beste bat 21:00etan.