Arrano arrantzalea (pandion haliaetus) erraz bereiz daiteke Europan bizi diren gainontzeko hegazti harrapakarietatik, besteak beste, arrantzatzeko uretan murgiltzen den bakarra delako. Haatik, ezohikoa da gure eskualdean. Espezie hau aspaldi desagertu baitzen Iberiar Penintsularen iparraldean. Egun, aldiz, Euskal Herrian ikus daitezkeen arrano arrantzaleak, Erresuma Batua, Alemania edo Norvegiakoak izan ohi dira, beraien negu-pasarako migrazio bidaian geldialdi bat egiten duten artean.
Azken urteetan Europan suntsitutako bere habitatak berreskuratzen doazen heinean, ohikoagoa bilakatu da gure artean. Eta bereziki, Urdaibaiko Biosferan 2013. urtean ekin zioten espezie honen berreskuratzeko proiektuari esker. Izan ere, arrano arrantzaleak jaioterritik hurbil kumatzeko joera handia du, eta Urdaibain Eskoziatik ekarritako txitoak aklimatatu ondoren, hauek kumatzea lortu zuten bertan. Horri esker, halako 60 arrano kume askatu zituzten 2013 eta 2018 urteen artean, ale gutxi batzuen itzulera ziurtatzeko asmoz.
Mota honetako proiektu anitz egin dira Europako hainbat herrialdetan, eta arrakasta handia izan dute arrano arrantzalearen populazioak berreskuratzeko. Batzuk Urdaibaira itzuli ohi dira, eta udazken honetan arrano arrantzalearen presentzia nabaria izan da Plaiaundiko eta Jaitzubiko hezeguneetan. Irailetik azaroa bitartean egiten baitituzte Afrika tropikaleko hezeguneetan kokaturik dauden beraien neguko zonaldeetara heltzeko migrazioak. Adituek diotenez, milaka kilometrotako bidaiak dira, arriskutsuak. «Mendiak, itsasoak eta basamortuak zeharkatu behar dituzte, eta aldi berean, gizakien ekintzen ondorio diren oztopo ugari saihestu behar dituzte, hala nola linea elektrikoak, aerosorgailuak edo isileko ehiza».
Hori dela eta, heriotza-tasa altua pairatzen du, batez ere ale gazteetan. Eta ugalketa-tasa txikia du. Izan ere, ale gehienak 3 urtetik aurrera ugaltzen dira lehen aldiz, eta orokorrean 3 arrautza erruten dituzte besterik ez. Gehienetan emeak inkubatzen ditu 35-37 egunetan zehar, arrak arrantzatzen eta lurraldea defendatzen diharduen bitartean. Txitoak, aldiz, 7-8 astetara egiten dute lehen hegaldia, baina ez dira banantzen beraien lehen hegalditik hilabete pasatu arte.
Errutegiak Plaiaundin
Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea Departamentuak, bi jarduera berritzaile jarri zituen abian 2024an Txingudiko paduretan mehatxatutako hegazti espezie hau berreskuratzeko. Foru erakundearen Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren eskutik, 2024ko abenduan arrano arrantzalearentzako bi errutegi artifizial ezarri zituzten Plaiaundin. Bata San Lorenzo aintziran eta, bestea, Itzaberrikoan. Helburua da Txingudin ere ugaldu ahal izatea. 1,5 metroko diametroa duten habiak zuhaitzetan jarri zituzten, 17 metroko altueran. Adituek argitzen dutenez, Txingudiko hezegunea espezie honen berreskuratzeko lanetan instalatu berri diren bi populazioren artean dago, Bizkaikoa Urdaibain, eta eta Landetan dagoen Marais d´Orx-ekoa, 40 kilometroko hegazti hegaldira. Hortaz, Txingudin kumatu dezaketela pentsatzen dute.
Animalien eta Landareen Zerbitzuko teknikariek aurreratu dutenez, iaz jarritako errutegi batean dagoeneko ikusi dutela aleren bat jarrita, eta horrek itxaropena ematen du etorkizunean bertan ugaltzeko aukerari begira. Izan ere, espezie migratzailea da eta, beraz, neguan etorri ohi dira Europa iparraldeko aleak, baina udan ere hemen instala litezke negua penintsularen hegoaldean eta Afrikan pasatzen duten aleak, Txingudin ugaltzeko.
Negu-pasarako migrazio bide luzea
Arrano helduek urtero egiten dute joan-etorriko bidaia. Gazteek, berriz, beraien lehenengo bi urteak Afrikan pasatzen dituzten bitartean, gutxi batzuk Iberiar Penintsulan egiten dute negua. Migrazio bide hauen jarraipena egiten dute adituek. Eta Urdaibaiko proiektuaren kasuan, aske utzi izan dituzten aleek transmisore bat daramate, eta ARGOS sateliteak hartzen ditu haien seinaleak bere posizio zehatza emanez.
Zehazki, 2013ko irailaren 15ean askatu zuten lehen aleak 12 egunetan egin zuen Urdaibaitik Senegaleko kostaldera bitarteko 3.500 kilometroko hegaldia, Alboraneko itsasotik Mediterraneoa zeharkatuz. Eta behin Maroko atzean utzita, Aljeria eta Mauritaniatik Sahara basamortua zeharkatuta. Askatutako aleetako bat, aldiz, Errioxako argindar-linea batean hilda aurkitu zuten hegoaldera migratzen hasi besterik ez zela.
Plaiaundiko hezegunean atseden hartu ohi duten hegazti migratzaile gehienek ere, antzeko bidea osatu ohi dute. Askotan Eskozia, Finlandia, Suedia eta Norvegiatik abiatuta, 6.500 kilometro eta gehiago egin ohi dituzte udazkenean, eta itzuliko bidea udaberriro, apirila/maiatza aldera. Zenbait kasuetan, Hego-Afrika eta Malawiraino, 12.000 kilometro arteko ibilbideak egiaztatu dituzte adituek, arrano arrantzalearen kasuan.
Alde horretatik, Urdaibaiko Biosferan egindako ikerketari esker, eta 2023an Oviedoko Unibertsitateak plazaratutako txosten-zientifiko batean argitu ahal izan dute, Euskal Herria zeharkatzen duten gehienek Senegal eta Mauritania artean, Sahel eremura doazela. Eta horietariko askok Langue de Barbarie eta Djoudj parke nazionaletako hezeguneetan negua egiten dutela. Bertan 200 arrano arrantzale baino gehiago identifikatu dituzte. 2021ean egindako azken kalkuluen arabera, Europa iparraldetik Afrika tropikalera bitartean, ugaltzeko gai diren 9.300 eta 13.600 arrano arrantzale bikote artean daude gaur egun.
Horietariko batzuk besterik ez dira Plaiaundin udazken honetan begiztatu ahal izan ditugunak. Baina hegazti honen presentzia emendatu izana, espeziea berreskuratzeko proiektua bide onean doala baieztatzen duela pentsatzen dute adituek. Gogoan hartu behar da, nolanahi ere, Txingudiko hezeguneetan topa ditzakegun 175 bat hegazti espezieen %10ak baizik ez duela bertan kumatzen. Gainerako guztiak hegazti migratorioak baitira.