Donostiako bulebarra jendez betetzen ari da. Duela 40 urte milaka donostiarren arreta piztu zuen lelo berarekin autobus bat ekarri dute bertara: «Hemen ez dago gidaria; non dago?». 40 urte pasa badira ere, oraindik ere falta den gidaria Mikel Zabalza da. 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta 20 egun desagerturik eman ondotik abenduaren 15ean aurkitu zuten bere gorpua Bidasoan.
Zabalzaren Dbuseko lankide ohiek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek ekarri dute autobusa. Zabalzaren atxiloketaren urteurren egunean hasi du bira, eta abenduaren 14ra arte ariko da Euskal Herriko herrietan batzuek isildutakoari hitzak jartzen. Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta erail zuenean, eta auziaren nondik norakoak ezagutrarazteko helburuz herriz-herri igaroko den autobusak erakusketa bat izanen du barrenean. Gainera, autobusak geltoki batzuk ere izanen ditu, eta hainbat ekintza antolatu dituzte herri horietan: Orbaizetan, Iruñean, Bortzirietan, Altzan eta Donostian. Abenduaren 14an emanen diote amaiera egitasmoari, Donostian eginen den ekitaldi nagusian.
Ibilbide bera, 40 urte beranduago
Zabalzaren auziaren 40. urteurrenean, autobus bira hastear dela elkartu gara Idoia Zabalza bere arrebarekin. Duela 40 urte hiri honetan bertan atxilotu zuten bere anaia, eta 20 egunez haren berririk izan ez eta abenduaren 15ean atera zuten bere gorpua Bidasoatik. Urteurrenean horrelako ekimen bat egin delako pozik dagoela adierazi digu zer moduz dagoen galdetu bezain pronto: «Ongi esan beharko dugu. 40 urte igaro dira, eta oraindik ere ikusten dugu badagoela jendartean horrelako ekimenak sustatzeko gogoa, eta hori oso pozgarria da. Mikelen memoria gordetzeko interesa dauka jendeak», azaldu du.
Gorabehera aunitz izan dira 40 urte hauetan. Ofizialki ez du inork azaldu zer gertatu zen Zabalzarekin, baina herriak ongi daki, eta hori beti eskertu du familiak: «40 urte hauetan zehar aldaketa batzuk gertatu dira, bai. Egia jakitea da guretzat garrantzitsuena, eta hori oraindik ez dugu lortu. Baina beste alderdi batzuetan aurrerapenak izan dira. Noizbait gertatu zena jakitera ematea nahi badugu, ezinbestekoa da memoria gordetzea, eta gertaturikoa ez ahaztea», azaldu du Idoia Zabalzak.
Bide horretan, Mikel Zabalza Gogoan plataformak antolatutako autobusaren ondoan egonen da familia datozen 20 egun hauetan. 40 urte beranduago, azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Mikel Zabalza desagertu zenetik Bidasoan ibaian agertarazi zuten egunerarte, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko dituzte bidean. Ibilbide bera egin zuen Zabalzaren familiak orduan ere: «Ekimen honekin 40 urte beranduago berriro biziko dugu, beste modu batera, Mikel desagertuta egon zen 20 eguneko tarte hori. Beste era batera bizitzea izango da. Garai hartan ere han-hemenka ibili ginen, eta orain ere, horrela ibiliko gara», azaldu du Zabalzak.
Zauria ez da itxi, baina herriak goxatu du
40 urte hauetan Mikel Zabalzaren memoria gorde du herriak. Omenaldiak eta auziaren berri emateko egitasmo ezberdinak egin dira, eta bide horretatik dator autobus biraren ekimena ere. Ingurukoen zauria zabalik dago oraindik, inork ez baitu ofizialki gertatu zena xehetasunez azaldu. Hala ere, instituzionalki aitortza txiki batzuk egin dira, baina pausu aunitz gelditzen dira erreparazio osorako. Idoia Zabalzak azaldu du urte guzti hauetan ezinbertzekoa izan dela haientzat gizartean egin den guztia aitzinera egiteko: «Herriak beti eman izan digu aitortza eta indarra, eta guk ere, horretan bilatu dugu babesa. Euskal Herriko instituzio batzuek azken boladan aitortu dute Mikelen kasua, guztiz argitu ez bada ere. Jendeak bultzatu eta lagundu gaitu, eta jendeari esker gaude gauden momentuan. Bakarrik ezin genuenean, jendeak eutsi gaitu», azaldu du.
Herriak Zabalzaren auziarekin batera, torturaren praktika salatu du urte guzti hauetan, eta familiak ere bat egiten du horrekin: «Beti esan dugu Mikelen kasua ez dela salbuespena izan. Salbuespena izan zen nola bukatu zen, baina salbuespena baino, adibidea zen. Tortura praktiken adibidea zen. Hildako ugari egon dira torturen ondorioez, eta beraz, aprobetxatzen dugu eta torturaren praktika salatzen dugu».
Autobus bira honekin, duela 40 urte gertaturikoa zuzenean bizitu ez zutenei ere eman nahi diete gertatutakoaren berri: «Oraingo belaunaldiek, zorionez, ez zuten gertatu zena bizi izan. Egoera bortitzak izan ziren. Eta jende askok gertatu zena zuzenean bizi ez bazuen ere, zauri handiak utzi ditu, eta modu batera edo bestera transmititzen dira horrelako gauzak. Ez familian bakarrik, gizartean ere. Nahiz eta zuzenean ez ezagutu, Estatuak eskubide pila bat urratu ditu, eta hori ezin da inoiz ahaztu», adierazi du Zabalzak.
Mikel Zabalzaren hilketaren bidea eginen du autobusak, aitortzaren eta erreparazioaren geltokira iritsi arte.