"Inperio genozidaren aurrean, zoriontsu izan nahi du Venezuela komunalak"

Aitor Errazkin 2025eko abenduaren 5a

Azaroaren 23an Venezuelan egindako Herri Kontsulta Nazionalak parte-hartze handia izan zuen, 5.336 komunatan eta ia 10.000 bozketa-puntutan antolatuta, giro politiko tentsionatuan. Autogobernuaren eta komunitate-antolakuntzaren adierazpen irmoa izan zen, 79 nazioarteko behatzailek jarraitua, tartean Euskal Herriko ordezkaritza batek. Gaur gurekin ditugu ordezkaritza horretako bi kide, Itsaso Lekuona eta Iker Eizagirre. Bi gonbidatuak Bidasoa eskualdeko bizilagunak dira.

Azaroaren 22an Herri Kontsulta Nazionala ospatu dute Venezuelan. Karibeko herrialdeak gonbidatuta, bost euskal herritarrek aukera izan dugu gertakaria bertatik bertara bizitzeko, nazioarteko behatzaile moduan. Venezuela bolibartarrak seigarren aldiz egin du Herri Kontsultaren ariketa demokratikoa, eta komunak izan dira horren ardatza. 

Zer dira komunak? Demokrazia zuzena gauzatzeko herri-erakundeak dira, Estatu babesa dutenak, baina autonomia handiz garatzen direnak. Venezuelako botere-geometria behetik gora eraldatzen ari diren indarra dira. Gaur egun 5.336 komuna martxan dira herrialdean, eta herri-boterea oinarri, eguneroko aferen autogobernuaz arduratzen dira: hezkuntza, azpiegiturak, ur-hornidura, kultura, ekonomia eta ekoizpena, genero indarkeriaren kontrako borroka, etab. luze bat. Lurraldearen arabera, komunak lehentasun ezberdinak definitzen ditu; eta horiei aurre egiteko antolatzen ditu biztanleak propio eraikitako erakundeetan: parlamentu komunala, planifikazio batzordea eta banku komunala dira horietako batzuk.

Zertan datza Herri Kontsula Nazionalak? Komuna bakoitzak herri prozesu zabalak artikulatu ditu duela urte batetik hona: hiritar asanbladak beharrak definitzeko, kontseilu sektorialak proiektuak definitzeko, eta lehenestea komunaren garapen planaren baitan. Era berean, horiek Venezuelako Aberri Planak dituen 7 eraldaketa ardatzekin lerratu ditu komunak. Behin lanketa hori eginda, komuna bakoitzak honako galdera hau luzatu die bizilagunei: 7 proiektu hauetatik, zein uste duzu dela beharrezkoena? Kontsulta Nazionalean galdeketa hori egin da, komunaz komuna, eta 9.963 bozketa puntu baliatuz. Itzela izan da prozesua, eta zoragarria, venezuelar arruntaren ilusioa, duintasuna eta bizi-gogoa. Egiaz, eraldaketa prozesuen ingurumarian gizaki zoragarriak sortzen dira.

Jakina denez, demokrazia zuzenaren ospakizun hau, egoera larrian jazo da. AEBk militarki okupatu du Karibe itsasoa: 15.000 soldadu, USS Gerald Ford hegazkin-ontzi erraldoia, urpeko-ontzi nuklearrak, hegazkin bonbaketariak... jarri ditu Trumpismoak Venezuelaren parean, eta inolako arrazoirik gabe, herrialdea erasotzeko mehatxua egin du. Venezuelak bizi nahi du, baina antza, inperialismoak ezin du eredu demokratiko-sozialista onartu, eta gainera, herrialdearen petrolioa ostu nahi du. 

Antxetara etorri gara Venezuelan ikusi dugunaren berri emateko: zoriontsu izan nahian, komuna sozialistari lotu zaion herria. Aske izan nahi duelako, Inperialismo genozidaren atzaparrak gainean dituen aberria. Ez dezagun ahantzi: Venezuela narko-herrialdea dela diotenak, Gazako genozidioa gauzatu duten elite berak dira. Beraz, Venezuelan, gizateriaren aldeko lubaki berri bat dugu, Inperioaren kontrako barrikada zoragarri bat.

Balio beza elkarrizketak, komunero venezuelarrek helarazi digutena zabaltzeko: “zoriontsu izateko eskubidea dugu eta ez dugu gerlarik nahi, baina azti, Bolivar, Chavez eta komunaren aberria kosta ahala kosta defendatzeko prest gaude”.