Haur bat ere oparirik gabe gera ez dadin, Gazteen Gurutze Gorriak 1992. urteaz geroztik antolatzen duen "Jostailu Hezitzailea" ekimenari ekin dio. Garai batean "Haur bat, Jostailu bat" lelopean antolatzen zuten, eta azken urteetan baino jostailu kopuru nabarmen handiagoa eskuratzen zuten banatzeko. Baina 2019az geroztik jostailu berriak baizik ez dituzte onartzen. Irungo Gurutze Gorriko kideak sinetsita baitaude «ez daudela lehen eta bigarren mailako haurrak». Eta beraz, garrantzia ematen diote denek jostailu berri bat estreinatzeko aukera izan dezaten.
Alde horretatik, jolaserako eskubidea bermatzeko, eta haur zein nerabeen «garapen integrala» sustatzeko helburuarekin antolatzen duten kanpaina dela nabarmentzen du Gurutze Gorriak. Hartara, 0 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako kanpaina da, eta "Olentzerok" banatuko ditu opariak. Aditzera eman dutenez, «egoera sozial eta ekonomiko estuetan dauden familiak laguntzeko ekimena» da honakoa, eta iaz Euskadin 3.626 umeri jostailuak banatu zizkieten bitartean, horietatik 1.588 Gipuzkoan oparitu zituzten. Horietatik 500 inguru Bidasoaldean.
Aurten ere 3.500 jostailu baino gehiago biltzeko asmoa daukate orotara, eta Gipuzkoan 1.700era heltzeko erronka onartu dute. Horietariko asko eta asko, Bidasoko haur eta familiak izango direla kontuan hartuta, bazterketa sozialaren arriskuan diren familia horiek laguntzeko, jostailu bat Gurutze Gorriak Irungo Euskal Herria hiribidean edota Hondarribiko Puntalean dituen egoitzetara eramateko eskatzen dute.
Ane, Irungo Gurutze Gorriko boluntarioa da, eta oroitarazten duenez, jostailu berriak besterik ez dituzte onartzen. Baina beste zenbait baldintza ere bete behar dituzte. Izan ere, 0-18 urte bitartekoei zuzendutakoak direnez, adinera eta eboluzio-etapara egokitutako jostailuak izatea eskatzen dute. Era berean, irudimena eta sormena sustatzen dutenak, ez belikoak eta ez sexistak. «Ez dugu neska eta mutilentzako jostailuak daudenik pentsatzen», argitu dute. Nolanahi ere, balio inklusiboak lantzeko izan daitezkeenak edo pedagogikoak lehenetsiko dituzte, hau da, ez sexistak eta estereotipoak erreproduzitzen ez dituztenak. Eta ahal delarik, jasangarritasuna kontuan hartzea eskatzen dute, material ez toxikoekin ekoitzitakoak, noski, baina birziklatuak edo naturalak badira hobe.