Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatearen Asanbladak 2026tik aurrera aplikatu den hondakinen kudeaketa eta ur-zerbitzuen araudi berria behin betiko onartu zuen atzo egindako Ezohiko Asanbladan. Baita urrian adostu eta aurreratu zuten bezala onartu ere. Izan ere, prezioen proposamenak jasotako alegazioak ez dituzte tramitera onartu. Oro har, Txingudi Zerbitzuek jasotako alegazioak, oro har, hondakinen eta uraren zikloaren kudeaketarako antzeko beste hainbat enpresek masiboki jasotakoen ildo berekoak izan dira.
Aditzera eman dutenez, Toledoko (Gaztela Mantxa, Espainia) abokatu kabinete batek aurkeztutakoak izan dira. Txingudiko Mankomunitatean parte hartzen duten Irungo eta Hondarribiko udal ordezkariek ez dute pisuzko arrazoirik atzeman alegazio hauek aintzat hartuak izateko, eta ez dutelako Foru Aldundiaren arauen kontra oinarri sendorik.
Horrenbestez, Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak Antxeta Irratian azaldu bezala, uraren kontsumo jasangarria edo arrazoizkoa sustatzeko estrategiaren baitan, 3 prezio edo tarifa ezberdin aplikatuko dizkiote uraren kontsumoari. «Zenbat eta gehiago kontsumitu, garestiago aterako da», argitu du Zubiturrek, «baina ura modu arduratsuan erabiltzen duten familiek ez dute apenas aldaketarik sumatuko».
Alde horretatik, 36.000 bezero edo etxe daude Irunen eta Hondarribian Txinzerrek kudeatzen dituenak, eta bakoitzean batez bestean 2,5 pertsona bizi dira. «Kalkulu bat egin da ur-kontsumo egokia zenbatekoa den argitzeko, eta m3 tarte ezberdinak zehaztu ondoren, hortik gorako tarteagatik gehiago ordaindu beharko da», azaldu du. Izan ere, ohiko prezio eguneraketekin normalean 60 zentimoko igoera bat besterik ez luke suposatu beharko, baina ura era jasangarri batean kontsumituko ez duenak aldea nabarituko duela ohartarazi du. Argitu duenez, familia ugariak ez kaltetzeko, hobariak eskainiko dizkiete. Baina horretarako, 2026a baino lehen, Txinzerreko bulegoetan jakinarazi eta justifikatu beharko dute Familia Ugaria direla.
Alde horretatik, beste eskualdeekin alderatuta, Irunen eta Hondarribian ur gehiegi kontsumitzen al dugun galdetuta, ezetz dio Zubiturrek, baina eraginkorragoak izan gaitezkeela. Txingudiko Zerbitzuek bildutako datuen arabera, bidasotar bakoitzak egunero 110 litro ur inguru kontsumitzen ditu egunero. «Europako irizpideen arabera kontsumo jasangarri bat 90 litrokoa den bitartean, 120-130 litrotik gorakoa gehiegizkoa dela finkatzen da», azaldu digu Txinzerreko kudeatzaileak, «beraz oraindik badago zer hobetu».
Bestalde, hondakinen kuotan %3ko igoera onartu dute 2026 urterako. Baina hondakin organikoa kontainer marroian bereizten duten etxeentzat %2,5koa izango da. Horretarako, hilean hiru aldiz bereizi behar da modu efektiboan.