Klima aldaketa bolo-bolo dugun garaiotan, isurien ondorioz berotegi efektutik harago, gure ingurumenaren kutsadura eta lehengaien gehiegizko ustiapenari mugak jartzea dago herritarron eskura. Gure eguneroko keinu txikiekin hobetu dezakegun beste arazo larrietako da hori. Eta horretarako, gure etxeko hondakinak ondo kudeatu eta egiten ditugun eguneroko kontsumoen artean, «iturria neurriz eta arduraz» erabil dezagun lanean dihardute Txingudiko Zerbitzuetan. Txorrota ireki eta ura ateratzen dela ziurtzat jotzen badugu ere, horren atzean etengabeko inbertsioak eta mantenu lanak eskatzen dituen makinaria konplexu bat baitago atzean.
Uraren kudeaketa jasangarria
Uraren kasuan 80 langile dabiltza egunero, eta Irun eta Hondarribian, gure oinen azpian ikusezina dugun 500 kilometro baino gehiago ur-hodiz osatutako azpiegitura itzela kudeatzen dute. Edateko ura bermatzeaz gain, gure ur-zikinak araztegira bideratu eta han tratatzen dituzte, eta ubideek euri urak ondo hustu ditzaten hodiak eta estoldak garbi mantentzea ere dago haien ezinbesteko funtzioen artean.
Hain justu, 2026an aldaketa nabarmena emango da uraren tarifikazioan. Urriko Txingudiko Zerbitzuetako Mankomunitateak sistema berria onartu zuen, eta Leire Zubiturrek azpimarratu duenez, «jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko aldaketa» bat da. Izan ere, orain artean, etxeko ur-kontsumo guztia prezio berean kobratzen zuten bitartean, aurrerantzean jasangarritasun irizpideen arabera gehiegizkotzat jotzen dituzten kontsumoak garestiago ordainduko dira. Txinzer-eko kudeatzaileak azaldu du, 36.000 bezero edo etxe daudela Irunen eta Hondarribian Txinzerrek kudeatzen dituenak, eta bakoitzean batez bestean 2,5 pertsona bizi direla. «Kalkulu bat egin da ur-kontsumo egokia zenbatekoa den argitzeko, eta m3 tarte ezberdinak zehaztu ondoren, hortik gorako tarteagatik gehiago ordaindu beharko da», argitu du.
Ohiko prezio eguneraketekin normalean 60 xentimoko igoera bat besterik ez luke suposatu beharko, baina ura era jasangarri batean kontsumituko ez duenak aldea nabarituko duela ohartarazi du. Argitu duenez, familia ugariak ez kaltetzeko, hobariak eskainiko dizkiete. Baina horretarako, 2026a baino lehen, Txinzerreko bulegoetan jakinarazi eta justifikatu beharko dute Familia Ugaria direla.
Alde horretatik, beste eskualdeekin alderatuta, Irunen eta Hondarribian ur gehiegi kontsumitzen al dugun galdetuta, ezetz dio Zubiturrek, baina eraginkorragoak izan gaitezkeela. Txingudiko Zerbitzuek bildutako datuen arabera, bidasotar bakoitzak egunero 110 litro ur inguru kontsumitzen baititu gaur egun. «Europako irizpideen arabera kontsumo jasangarri bat 90 litrokoa den bitartean, 120-130 litrotik gorakoa gehiegizkoa dela finkatzen da», azaldu digu Txinzerreko kudeatzaileak, «beraz oraindik badago zer hobetu».
Txingudi Data Driven Bay
Zentzu horretan, garai batean ez bezala, gaur egun adimen artifizialari eta teknologia berriei esker, eskualdeko ur litro oro zehaztasun handiz kontrolatzeko aukera dute Txingudiko Zerbitzuetan. Baita ur itoginek eragindako ihesak ere. 2025 honetan, hain justu, 9.350 ur-kontagailu berri instalatu dituzte uraren digitalizazioan sakontzeko. Txingudi Data Driven Bay proiektuaren eskutik, 2026ko ekaina bitartean ariko dira urtetan egindako inbertsiorik estrategikoenetakoa garatzen. Europako Next Generation funtsek 5,5 milioi eurorekin lagunduta, orotara 7,2 milioiko inbertsioa egiten ari dira bezero bakoitzaren ur-kontagailua orduoro irakurri ahal izateko. «Etxe bakoitzetik egunean 24 datu jasotzen ditugu, eta 36.000 kontagailu dira, datu horiekin ur-kontsumo errealaren argazki zehatz bat lor dezakegu, ur-hodietako matxurak azkar identifikatu, beharrak zeintzuk diren identifikatu, baita uraren kalitatearen unean-uneko jarraipena egin ere», argitzen du Zubiturrek.
Bestalde, teknologia berriak ur-hodien sakoneraino heltzen direla azaldu digu. «Beharginek nekez kontrolatu dezaketena, droien bidez egiten dugu», kontatu digu Txinzerreko arduradunak, «ur-hodi barrutik joaten dira konponketak eta inbertsioak non egin behar diren ikuskatzen».
Birziklatze-tasa hobetzeko erronka
Bestalde, 2021 urtean Irun-Hondarribiko birziklatze-tasaren urtez urteko hobekuntzak bizi izan zituen «geldialdi seinaleak» gainditu dituztela aditzera eman du Leire Zubiturrek. Eta horretarako, Txingudiko Zerbitzuen BidaSOS 2030 kanpaina giltzarri izan dela deritzo. Azaroak 4an amaitu berri dute Irungo San Miguel, Pinudi eta Anzaran auzoetan egindako azken kanpaina. Baina 2022an ekimen honi ekin ziotenetik, hondakin organikoa bereizten duten herritarren kopurua nabarmen emendatu da. «Hobekuntza dexente ikusi dugu 2023tik, arrakasta handia izan dugula esango nuke, auzo horietan %67ko atxikimendua dutelako, eta kanpaina pasa ez den auzoetan oraindik ere %48ko parte-hartzea besterik ez dago hondakin organikoen bereizketan», azaldu digu.
Datorren urtera begira Irungo Anaka, Belaskoenea, Lapitze eta Bidasoa falta zaizkie kanpainaren itzulia osatzeko, eta Hondarribian Puntalea eta Zimi-Zarga besterik ez. Ondoren balorazio orokor bat egin beharko dutela aitortzen du, eta sentsibilizazio kanpaina berriak bultzatu. Bere ustez, «herritarrak behartu baino, kontzientzia har dezaten etengabeko lana» egin beharra baitago. Ez du uste iaz Eguzki talde ekologistak salatu duen bezala, Txingudi bailarako azken urteetako birziklatze-tasaren garapen motela «hondakinen kudeaketa ereduari» erantzuten dionik. Ekologisten arabera, Gipuzkoako batez besteko birziklatze-tasa %57koa zen bitartean, 2024an Irunek %52,19ko tasa zuen, eta Hondarribiak %52,41ekoa. Zubiturren ustez, Bidasos2030 kanpainari esker, birziklatze-tasa urtero %1-%1,5 igotzea lortu dute, eta 2030 urterako Europak agintzen duen gutxieneko %60ko tasaren erronka hurbil du dagoeneko Irun-Hondarribiak. Une honetan %58tik gertukoa izanik, legea betetzetik bi puntura besterik ez.
Alde horretatik, 36.000 etxebizitza daude Irunen eta Hondarribian, eta horietatik 23.500 hondakin organikoen gaikako bilketan alta emana daude, eta horietatik guztietatik %87ak «noiz edo noiz organikoaren kontainerra irekitzen du, baina erabilera efektiboa (hilean gutxienez hiru aldiz) %70 inguruk egiten du», argitu du Txinzerreko kudeatzaileak. Hartara, birziklatze-tasa emendatzeko norbere etxean organikoa bereiztea giltzarri bada, plastikozko ontziak, papera edo beira kopuru txikietan errefusan amaitzen du oraindik ere.
Zubiturrek zehaztu duenez, errefusaren (edukiontzi grisa) analisia eginez, bertan biltzen den zaborraren %67 ez luke hor bukatu behar. Eta Txinzerrek bildutako datuen arabera, horren %34 organikoa da. Kontsumo ohituren arabera aldatzen da, baina batez bestean herritar bakoitzak 80 kilo hondakin organiko sortzen ditu urtero. Hortaz, «bolumen aldetik ontzi arinak adibidez asko okupatzen dute, baina tona kopuruan pisu gehien duena organikoa da, eta hor dugu hobetzeko marjina gehien», azpimarratzen du. Hala ere, errefusaren %13 ontzi arinak dira oraindik, %7 papera/kartoia, eta beste %6 oraindik birziklatzen ez dugun beira.