Teknofrekuentzia irratsaioan aurtengo Feministaldiari begiratu diogu, Donostian bost egunez garatu den jaialdi beteranoari. 2005ean sortu zen Feministaldia, hasiera batean Plazandreok plataforma politikoaren eskutik, eta ordutik etengabeko bilakaeran dagoen proiektua da. Aurten, Marta Francoren hitzaldiarekin abiatu eta DabaDaban amaitu den egitarau trinko eta anitza izan da.
2006an Artelekun egindako lehen edizio hartan parte hartu nuenetik hona, aldaketa sakonak ikusi ditut. Urte batzuk kanpoan eman ondoren, berriz itzultzeak argi utzi dit Feministaldia ez dela soilik iraun duen ekitaldi bat, baizik eta garaiarekin batera eraldatzen jakin duen espazio politiko, kultural eta afektiboa.
Aurtengo edizioak argi erakutsi du teknologiak gero eta leku handiagoa hartzen duela gure bizitzetan, eta feminismoak ezinbestean heldu behar diola eremu horri. Ez ikuspegi neutro edo teknizista batetik, baizik eta botere-harremanak, indarkeria sinbolikoak eta erresistentzia-aukerak agerian jarriz. Postal misoginoen bildumak, adibidez, iraganeko eta egungo diskurtsoen jarraitutasuna aurrez aurre jarri zuen. Aldi berean, Critical Switch-eko kideak kalean egotea, jendeari mugikorrarekin laguntzen eta Fedibertsoa erabiltzen erakusten, praktikatik eraikitako alternatiba politikoa izan zen.
Hasieratik bertatik, datu-basearen irekierak eta Martaren “internetean eroso egoteko” gonbidapenak markatu zuen norabidea. Boga-Boga taldearen indarra, bertso-saioaren berotasuna eta lehen eguneko giroak gorputza eta pentsamendua martxan jarri zituzten.
Kontadoresen ospatutako bi egunek beste dimentsio bat hartu zuten. Critical Switch-eko kideek dinamizatutako espazioan ikasketa kolektiboa izan zen ardatz: hacker, artista eta ekintzaile askoren ahotsek —Txago, AlgoRace, Zuriñe, Laura, Maider, besteak beste— datuen ustezko objektibotasuna zalantzan jarri eta sare batzuei sua emateko gogoa piztu zuten. Spideralex algoritmoarekin dantzan ikustea edo Raquelek sortutako giroa adibide argiak izan ziren teknologia eta sormenaren arteko loturez.
Teknologiaren inguruko eztabaidetatik misoginiaren genealogietara egindako jauzia bortitza izan zen, bai, baina beharrezkoa. Tripak nahasten dituen bidea da askotan, baina ezinbestekoa da nondik gatozen eta zer errepikatzen den ulertzeko.
Tabakalerako patioan, Proyecto Una eta Tu nube seca mi río lanek teknopolitikaren eta lurraren arteko harreman estuak ekarri zituzten erdigunera. Sahatsaren aizkorakadek kontakizunari forma bikaina eman zioten, eta Laiaren gorputzak eta ahotsak zuzeneko presentzia indartsuarekin itxi zuten momentua.
Larunbatean erritmoa bizkortu zen. Itziarren hitzek eta Jeletonen mini-kartek publikoari ateak ireki zizkioten espazio oniriko batera. Feministaldiaren etorkizuna marrazten hasi zen giro horretan. Ondoren etorri ziren une ahaztezinak: Anari, Maurizia eta Korokoiak koroez lagunduta, aretoa sutan jarri zuten; Laurenceren zintzotasun gordinak eta Aidaren emozioak gorputzak dardarazi zituzten. Martaren energia etengabeak, Enriqueren arkeologia zorrotzak eta Mirenen DNAri buruzko azalpenek pentsamendua sakondu zuten.
Culto a Hera-k patioa berriz piztu zuen, eta Lastesis-eko kideek ekarri zituzten hitz politiko, zuzen eta erreferenteak. Afarian, Uxo-ren pluma ibili zen aurpegiak margotzen. Eta amaieran, DabaDaban, FeminxstProjectionParty-ren bisualek espazioa eraldatu zuten, Selektora Ichmak, Makeda eta Inesek gorputzak dantzan jarri zituzten arte.
Ezin da Feministaldiaz hitz egin atzean dagoen lan-taldea aipatu gabe. Mikelen diseinu eta muntaketek ingurune berezia sortu dute aurten, baina batez ere bere egiteko moduak markatu du aldea. Anek patioan jarritako argiek erritmoa eta flowa mantentzea ahalbidetu zuten ordu luzez. Amaia beti irribarretsu, Idoia zehatza eta eraginkorra, Anaísen abilezia datuen gaia hurbiltzeko, Mijoren irekitasuna, Yuanen zoriontasun etengabea, Gereziren fitxaje lasaia eta fina, eta Ane eta Laida, Xerra Estudiotik, beti prest eta profesional.
Feministaldia aspaldi bihurtu da erreferente, ez soilik Donostian, baita estatu mailan ere. Aurtengo edizioak, bereziki, arrasto digital eta kolektibo sendoa utzi du: pentsatzeko moduak, harremanak, gorputzak eta sareak astindu ditu. Posoa ez da egun horietan bukatu; hortxe jarraitzen du, dantzan, datuetan eta eguneroko praktiketan.