24. Korrika

Maddi Sanz: «Desordutan pasako da Korrika eta desberdin ospatuko dugu, baina herriarekin batera egingo dugu, duela bi urtekoa ere herriak egin baitzuen»

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 9a

Korrika Batzordeetan parte hartzeko deia luzatu dute Irunen urtarrilaren 16an (18:30ean) Legia kaleko AEK euskaltegian bertan, eta Hondarribian hilaren 17an (11:00etan) Udal Liburutegian. Korrikak bi pasaldi egingo ditu aurten Bidasoaldean, biak goizaldean. Martxoaren 24an 03:44ean Irunera sartuko da Gurutzetik, eta Landetxa, Arbes eta Behobia auzoetatik Bortzirietara joko duen bitartean, martxoaren 25ean Urruñara sartuko da 03:49ean, Hendaia (04:46), Irungo erdigunea (04:57) eta Hondarribiko itzulia (05:17) eginez Gaintxurizketa ere igo beharko dute eskualdeko azken lekukoek.

 

24. Korrikak 2.175 kilometro egingo ditu, eta martxoaren 19an Atharratzetik abiatu eta martxoaren 29an Bilbon amaitu bitartean gure eskualdetik bitan pasako da. Baina bietan goizeko ordu txikitan. Atzo eman zuten ibilbidearen berri, eta gaur Irungo AEKko kide eta eskualdeko Korrika lantaldearen arduradunarekin hitz egin dugu. Maddi Sanzek argi du duela bi urtekoa «izugarria izan zela» eta «ikaragarri gozatu genuela» bidasotarrok.

Irungo San Juan plaza abiapuntu izanik, historikoa izan baitzen. «Euskarazko Irun bat izan genuen», eta bi urte geroago Korrika beste modu batean ospatzea egokitu zaigu. «Badakigu Korrika beti 24 orduz ez dela gelditzen, eta norbaiti tokatzen zaiola desordutan korritu behar izatea. Aurten desberdina izango da, baina hobeto ala okerrago, saiatuko gara berriro irudi horren bila lanketa egiten», dio Maddi Sanzek.

Irun bidegurutzearen erdigunean

Hala ere, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko mugaren epizentroan kokatuta dagoelako, «ez dakit estrategikoa den baina egia da gauza askoren erdian dagoela», nabarmentzen du AEKko kideak. Hartara, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia beti sinbolismo kutsu handia duela gogoratzen du. Eta aurtengoan gainera, Korrika Irundik bitan pasako da. Eskualdeko gainerako herrietatik behin besterik ez. Izan ere, martxoaren 24an Oarsoaldetik sartuko da Irunera, gero Bortzirietara jotzeko. Eta martxoaren 25ean, aldiz, Lapurdiko kostaldetik iritsiko zaigu Urruñara, eta ondotik Hendaia, Irun eta Hondarribitik pasaz, Gaintxurizketatik aldenduko da. «Lehen pasaldian bereziki sobera goiz izango da, baina gosariak edo zerbait prestatu beharko dugu», aurreratu du. 

Izan ere, martxoaren 24an, Korrikaren lasterketa 3:44ean sartuko da Irunera Oarsoaldetik. Gurutzetik Landetxa auzora sartu eta Arbes trabeskatu ondoren Behobitik segituan Bortziri aldera joko duen bitartean, Bera (05:56), Lesaka (06:33) eta Igantzitik (07:03) iraganez Malerrekara jauzi egin aitzin. Martxoaren 25ean, Lapurdiko kostaldetik jasoko dugu lekukoa, goizeko 03:49ean Urruñara sartuko da, ondotik Hendaia (04:46), Irun (04:57) eta Hondarribitik (05:17) pasaz. Irunen, beraz, martxoaren 24 goizaldean auzoetatik pasako da, eta 25 goizaldean berriz, Colon hiribidetik pasaz erdigunea ukituko du.

Sukaldeko lan handia

AEKk argitu duenez, inoizko parte-hartzerik handiena lortzeko erronka dute 24. Korrika honetan. Guztira, 3.436 lekuko-hartze izango dira pasako den 460 herrietako eragileen eskutik. Eta iragarri dutenez, aurten ez dituzte kilometroak zatikatuko. «Mementoz aurrekoan izan ziren eragileekin harremanetan jartzen hasi gara, haiek izango dute lehentasuna, eta gero otsailaren 1ean zabalduko dugu kilometroak eskuratzeko aukera gainerakoentzat», azaldu du Maddi Sanzek. Alde horretatik, Irun eta Hondarribian 49 kilometro edo lekuko beharko dituzte aurten.

Bien bitartean, Irungo AEK euskaltegian Korrikaren petoak eta arropak salgai dituzte jada. Eta orain sukaldeko lan guztia egitea da falta da, Korrika Bidasoaldeak merezi duen bezala ospatzeko. Zentzu horretan, motorrak berotzeko Korrika Kulturala ez ezik, martxoaren 24 eta 25ekoa ere antolatzeko Korrika Batzordeak osatzeko deialdiak luzatu dituzte dagoeneko. Hondarribian abenduan aurreneko bilera egin zuten, baina urtarrilaren 17an (11:00etan) Udal Liburutegian egingo dute hurrengo bilera. Eta Irunen, aldiz, urtarrilaren 16an (18:30ean) Legia kaleko AEK euskaltegian bertan.

Norbere herriko Korrika Batzordean parte-hartzera animatu ez ezik, horrek duen garrantzia azpimarratzen du AEKko kideak. «Orain denok lan egiteko garaia da, biltzeko, hitz egiteko, proposamenak egiteko», dio Sanzek, «AEK badugu, baina herriarekin egingo dugu edo ez dugu egingo, bestela ez du zentzurik, eta iritzia eman, ideiak proposatzeko guneak dira Korrika Batzordeak, herri bakoitzean euskalgintzaren bizkarrezurra dira, duela bi urtekoa ikusi besterik ez da egin behar, hori herriak egin baitzuen».

Karta guztiak mahai gainean daude, ibilbide eta ordutegiak, eta aitzakiarik ez dagoela uste du, «desorduak dira, egia da ez direla asteko egunik ederrenak, baina herriarekin batera zer egin nahi dugun eta nola egin nahi dugun» erabakitzeko lanketa egunak datoz urteko lehen asteetan.

Erlazionatuak