Joan den ostiralean Donostiako suhiltzaile parkeetako ordezkariek egindako agerraldiaren ondoren, Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Foru Aldundiari Bidasoko parkean suhiltzaileen dotazioa handitzeko exijitu dio. Gipuzkoako Batzar Nagusietan erregistratutako ebazpen-proposamena defendatu du Miren Etxebeste batzarkide irundarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko desadostasunek bi suhiltzaile zerbitzuen bateratze operatiboa atzeratzen ari direla salatuz. Bere ustez, «egoera horrek disfunzio garrantzitsuak eta zerbitzuaren kalitate galera nabarmena eragiten ditu Bidasoaldean».
Hortaz, lurraldeko bi zerbitzuen bateratze operatiboa gauzatu arte edo Donostialdean lurraldeko bederatzigarren foru suhiltzaile parke berria martxan jarri arte, eremuan sortzen diren larrialdiei behar besteko kalitatearekin erantzun ahal izateko «ezinbestekotzat» jotzen du Elkarrekin Podemosek Irunen dagoen suhiltzaile-kasernako dotazioa handitzea.
Izan ere, Irun eta Hondarribiko herritarrei ez ezik, Bidasoa-Oiartzun-Pasaialdea eremuan sor daitezkeen larrialdiei beharrezko kalitatearekin erantzuteko beharrezkoa ikusten du. Gogoratu behar baita, Irungo egoitzak garrantzi berezia duela lurralde mailan, populazio aldetik biztanle gehien artatzen dituen parkea delako. Hain zuzen ere, 6 udalerriri ematen die zerbitzu (Irun, Hondarribia, Errenteria, Oiartzun, Pasai Donibane, Lezo), eta 135.473 herritarren erreferentziazkoa da. Gaur egun 46 suhiltzailek osatzen dute lantaldea.
1987an eraikitako eraikin horretan, 2020az geroztik aurrera eramandako energia aurrezteko inbertsio plana 2024an amaitu zuten, baina suhiltzaile edo baliabide humanoei dagokienez, ez da hobekuntzarik egin. Eta azken urteetan Gipuzkoako 8 suhiltzaileen egoitzen artean lan gehien egin duen egoitza izan da, urtean 800 interbentziotik gora eginez. Eta 2024an, adibidez, 213 sute itzali behar izan zituzten.
Elkarrekin Podemosek gogorarazi du, Suhiltze, Suteen Prebentzio eta Salbamendu Zerbitzuan (SPEIS), Gipuzkoan larrialdien arretan kalitate asistentziala hobetzeko helburu duen Gipuzkoa Babestu 20-30 Planak hainbat hobekuntza aurreikusten dituela, izan materialak, izan antolakuntzari dagozkionak edota langile kopuruari lotuak ere.