Mobilizazio handia iragarria zen eta tamainakoa izan da, Euskal Herri osoko ehunka laborari eta dozenaka traktore bildu baitira eguerdian Behobia eta Biriatu artean. EHNE, ENBA, UAGN eta CR sindikatuek deitua zen mobilizazioa baina sindikatu horietan ari ez diren laborari andana ere bildu dira, Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoatik. Traktore gehienei ez diete autobidera sartzen utzi, eta Lapurdiko bi traktore eta Gipuzkoako bertze bik irudikatu dute mugaz gaindiko elkartea, eguerdiak jo berritan.
Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko Gipuzkoako arduradunak Antxeta Irratiari adierazi dio Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa "multinazionalen eta betiko gutxi batzuen poltsikorako izanen dela", herritarrak eta laborariak alboratuz. Ipar Euskal Herriko ordezkari eta erakundeak orohar hitzarmenaren aurka agertu badira, Eusko Jaurlaritza alde mintzatu da. Hala, Europar Batasunaren ikuspegitik "diskurtsoa eta praktika zeharo kontraesankorra" dela deitoratu du, eta tokiko erakundeei hitzarmenaren aurka posizionatzeko galdegin die. Garikoitz Nazabal:
Dermatosi Nodular Kutsakorrari dagokionez, Urunea baserriko Xabier Martiarena laborari irundarrak azaldu digu ez dutela oraindik txertorik jaso, eta haren ondorioez kezkak badituzte ere, txertaketaren zain direla. Izan ere, behi bat erituz gero, tropa osoa hil behar izatea "hondamendia" litzake harentzat. Mobilizatzera eraman du honek abeltzain gaztea.