Etxean sentiarazten zaituzten album horietako bat da Etxea: beroa, goxoa, segurua. Irailean argitaratu zuen Aretxabaletako taldeak hirugarren lan luzea, heldutasunarena, nor bere azalean eroso sentitzen hasten den garaiaren antzera, musika taldeek ere izaten baitute halako momenturik. Horren irudi da agian Etxea zuzenean grabaturiko diskoa dela, zazpi kantuak musikari guztiek batera joak Tarragonako La Casa Murada estudioan. Estudioko egun horietako magia oraindik zirraraz bizi dutela mintzatu zaizkigu Nhil taldeko Sara, Aitor eta Peio irratian.
Kazetariok izaten dugu musikariei etiketa bat, estiloarena, itsasteko enbeia. Eta Nhilekoek jazza egiten dutela errateak badu erromantismo bat, Euskal Herriak inork gutxik egiten baitu jazza egun, are gutxiago hitzekin eta are gutxiago euskaraz. Baina taldekideek argi erantzun dute haiek berez popa egiten dutela, eta baietz, jazzetik, rocketik eta souletik edaten dutela.
Menpekotasunik gabeko maitasuna, korronteen aurka egiten duen jendea, nor zaren bilatzeko momentu hori gauzak argi izanik ere, etxerik gabeko gazteak eta gazterik gabeko etxeak, horiek eta askoz gehiago biltzen dituzte Etxeako hitzek. Eta musika afera kolektiboa denez, Ezer zor nahi kantuko hitzak Ane Zuazubiskarrenak dira, Desio Batekoak, Izaro Bilbaorenak. Talde izatearen apologia egin dute Nhileko Sara Alonso eta Aitor Ruiz de Austrik gurean, indibidualismoa gailentzen den garaiotan, baita kulturan ere, musika taldeak izatea erresistentzia ekintza gisa ikusten baitute haiek.
Baina gaurkoan ez gara oren bateko solasaldia eta Antxeta Irratiko estudioan eskaini ziguten kontzertu ederra lerro batzuetan laburtzen saiatuko. Lau kantuko emanaldia orri buruan entzungai da, Hemen Berriz, Lemak, Desio Bat eta Ezer Zor Nahi kantuen zuzeneko bertsioekin. Jarraian, abendu bukaeran hedatu zen Eguberri Kantuz emankizunean Sara Alonso, Peio Uribetxebarria eta Aitor Ruiz de Austrirekin izan genuen elkarrizketa entzungai duzue. Eskerrak hemendik Nhil taldeari etxe bat sortzeagatik eskasia garaiotan, eta irakurleari, zoaz taldearen kontzerturen bat ikustera, merezi du-eta.