Aurtengo 'Korrika' patxadaz antolatzen hasteko Korrika Batzordeak deitu ditu Bidasoko AEKk

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 16a

Martxoaren 24an eta 25ean Bidasoaldeko kaleetan izango dugu 24. Korrika. Eta hau antolatzeko Bidasoko AEKk Korrika Batzordeen deialdiak luzatu ditu aste honetarako. Irunen gaur bertan, urtarrilak 16, (18:30ean) Legia kaleko AEK euskaltegian egingo dute bilera, eta Hondarribian, aldiz, bihar hilaren 17an (11:00etan) Zuloaga Etxeko Udal Liburutegian.

Maddi Sanz, Bidasoko AEKko kide eta Korrikaren antolaketa taldeko eskualdeko arduradunak norbere herriko Korrika Batzordean parte-hartzera animatu ez ezik, horrek duen garrantzia azpimarratzen du. «Orain denok lan egiteko garaia da, biltzeko, hitz egiteko, proposamenak egiteko», dio Sanzek, «AEK badugu, baina herriarekin egingo dugu edo ez dugu egingo, bestela ez du zentzurik, eta iritzia eman, ideiak proposatzeko guneak dira Korrika Batzordeak, herri bakoitzean euskalgintzaren bizkarrezurra dira, duela bi urtekoa ikusi besterik ez da egin behar, hori herriak egin baitzuen». 

Aurtengo Korrika ezberdina izango da Bidasoan. Duela bi urte Irundik abiatu ondotik, aldiz, aurtengoan bitan emango du aukera bertan. Martxoaren 24an Landetxa-Arbes-Behobia auzoetan zehar Bortzirietako bidean. Eta martxoaren 25ean, aldiz, lekukoa hendaiarren eskutik jasoko dute irundarrek Santiago zubian. Eta ondoren hirierdia zeharkatuko du Hondarribira joateko. Itzuli osoa egin ondoren, Letxunborro hiribidetik Gaintxurizketan agurtuko dugu.

Guztira, Irunen eta Hondarribian 49 kilometro edo lekuko beharko dituzte aurten. Eta iragarri dutenez, aurten ez dituzte kilometroak zatikatuko. «Mementoz aurrekoan izan ziren eragileekin harremanetan jartzen hasi gara, haiek izango dute lehentasuna, eta gero otsailaren 1ean zabalduko dugu kilometroak eskuratzeko aukera gainerakoentzat», azaldu du Maddi Sanzek.

Bien bitartean, Irungo AEK euskaltegian Korrikaren petoak eta arropak salgai dituzte jada. Eta motorrak berotzen hasteko, 2026ko Korrika Kulturaleko emanaldi nagusia "Kaka" antzezlana Hondarribian taularatuko dute, urtarrilaren 31n (19:00etan) Itsas Etxean. Sarrerak HEMEN salgai dituzue. Aurrez aurre Arma Plazan, eta egunean bertan Itsas Etxeko leihatilan emanaldi hasi baino bi ordu lehenago.