Korrikak martxoaren 24an eta 25ean zeharkatuko ditu Bidasoaldeko kaleak, eta joan den astean Korrika Batzordeak osatzeko aurreneko bilerak eginda, Hondarribian urtarrilaren 30ean deialdia luzatu dute berriro bilera egiteko. Herriko eragile eta pertsona oro gonbidatua dago bertaratzera, aurreko bilkuretan parte hartu ez dutenek ere. Aurrekoetan bezala, Zuloaga Etxeko Udal Liburutegiko gela anitzean egingo dute, 18:30ean.
Bidasoko AEKtik argitu dutenez, herriko txoko guztiak euskaraz blaitzeko jendartea aktibatu beharra dago, eta Korrika Batzordetan parte hartzeko aukerarik ez duenak ere, bere ondar alea jar dezake. Alde horretatik, hainbat bide daude laguntzeko. Hartara, Hondarribian eragiteko prest den orori
galdetegi hau betetzera animatu nahi dute, zertan lagundu dezakeen argitzeko. Era berean, Irungo Korrika Batzordearekin bat egin nahi duen orok, edo zerbaitetan esku kolpe bat emateko prest dagoenak
beste galdetegi hau betetzera gonbidatzen dute Irunen.
Guztira, Irunen eta Hondarribian 49 kilometro edo lekuko beharko dituzte aurten. Eta iragarri dutenez, aurten ez dituzte kilometroak zatikatuko. «Mementoz aurrekoan izan ziren eragileekin harremanetan jartzen hasi gara, haiek izango dute lehentasuna, eta gero otsailaren 1ean zabalduko dugu kilometroak eskuratzeko aukera gainerakoentzat», azaldu du Maddi Sanz Korrika batzordeetako arduradunak.
Bien bitartean, Irungo AEK euskaltegian Korrikaren petoak eta arropak salgai dituzte jada. Eta motorrak berotzen hasteko, 2026ko Korrika Kulturaleko emanaldi nagusia "Kaka" antzezlana Hondarribian taularatuko dute, urtarrilaren 31n (19:00etan) Itsas Etxean. Sarrerak HEMEN salgai dituzue. Aurrez aurre Arma Plazan, eta egunean bertan Itsas Etxeko leihatilan emanaldi hasi baino bi ordu lehenago.