Tutu andana eta harez sortutako hiru putzu ikus daitezke azken asteotan Hendaiako hondartzan, Zokoburun. Azken hilabetean dragatzea burutzeko azpiegitura prestatzen aritu dira Itsas Charente departamenduko langileak eta Merceron enpresako beharginak, bi horiek eginen baitituzte heldu diren hiru hilabeteetan Bidasoaren itsasadarrari hondoa sakontzeko lanak.
Orotara, 50 eta 55 metro arteko zabaleran, hiru metroko sakonera irabazi nahi dute itsasadarrean, zehazki Hendaiako kirol portuaren sarreran hasi, eta barraren bukaera arte. Itsasadarraren erdia dragatuko dute beraz, Hendaiako zatia. Kotte Ezenarro auzapezak iaz azaldu zuenez, ez dute funtsik kanal osoa dragatzeko, eta Hondarribiko udalarekin harremana ez zuten garaiz egin. Haatik, ziurtatu zigun zabaleraren erdia dragatzea behar bezain eraginkorra zela, eta ez zela dragatu gabeko eremuko jalkinak dragatutakora erortzeko arriskurik.

Lanak Itsas Charente departamenduko La Grande Mulette ontziak eginen ditu, urpera tutu handi bat sartuz. Ondotik, 300 bat metroz hodi horren bidez eramanen dituzte dragatutako jalkinak hondartzan kokatu duten dekantatze eremura. Hiru putzu dira hauek, harez eraikitako pareta batzuekin eraikiak. Bertan, hezetasuna kendu arte egonen dira jalkinak, eta idorturik, hondartzan banatuko dituzte, kasino zahar inguruko birkargatze eremuan. Honi esker, Hendaiako hondartzan urtero galtzen den harea konpentsatzeko aukera izanen da, "kostaldeko higaduraren aurka borrokatzeko tresna iraunkorra" herriko etxearen arabera.

Lanek iraun bitartean, maiatzaren 14ra arte, Hondartzarako oinezko sarbidea debekatua da Zokoburu inguruko hainbat sarreratik. Kamioiak eta obretako tresneria astuna hondartzan ibiliko diren heinean, oinezkoei kasu egiteko eskaera ere egin die herriko etxeak.