Hamarkada batean 320.000 metro kubiko sedimentu dragatzea aurreikusten dute Frantziako agintariek Hendaiako Zokoburu eta Floridako portuko nabigazioa bermatzeko. “La Grande Mulette” izeneko ontziak erreka zolatik hondarra eta lohia ateratzeari ekingo dio otsailaren lehenetik aurrera, eta maiatzaren erditsu arte. Hendaiako Zokoburuko portuaren muturrean egingo dituzte lanak. Jadanik antzeko beste lan batzuk egin zituzten joan den apirilean, zehazki, kirol portuko hondoa garbitu zuten, eta 35.000 metro kubo lohi kendu zituzten.
Gogoratu beharra dago, itxaronaldi luze baten amaiera markatu dutela lan hauek. Bederatzi urte luzatu den proiektu fasearen ondotik, behingoz hasi baitira Hendaiako portuko eta Txingudiko badiako dragatze lanak. Zokoburuko kirol portua eraiki zenetik ez zen uraren hondoa garbitu, eta 32 urtean tonaka pilatu da hondarra, lohia eta beste eratako jalkin edo sedimenturik ere badia eta portuetan. Orain bigarren fasea abiatuko dute otsailean.
Orotara 3 fase aurreikusten ditu proiektuak, eta hiru urteko lana da. Iker Elizalde, departamenduko kontseilariak argitu duenez, «berebiziko garrantzia dute lan hauek ikuspegi ekonomikotik ere, aisialdi ontziak ez ezik, arrantzakoak ere badira, eta Hendaia eta Hondarribia lotzen dituzten garraiorako txalupak ere». Alde horretatik, urte luzaz aztertutako lanak dira hauek. Eta orain azkar joanen da xantierra, astean bost egunez ariko baita ontzi-dragatzailea lanean, egunean hamar orenez.
Itsas Charente departamenduko kontseiluak burutuko ditu lanak. Aurreko fasean, Fort Boyard eta Trézence ontziekin aritu ziren, eta oraingoan La Grande Mulette izenekoa hurbilduko da Hendaiara. Lan hauek hiru helburu dituzte bereziki, itsas ontziek segurtasunez nabigatzea; ibaiaren eta hondartzaren atxikitzea, eta kostalde guztiaren segurtasuna bermatzea.
Lanak otsailean abiatuko badira ere, urtarrilaren 5ean lehen lanak abiatuko dituzte Zokoburuko aparkalekuan eta hondartza inguruetan. Oroitarazi behar baita, hiru ekimen eremu bereizi dituztela proiektu orokorrean: lehena kirol portuan, bigarrena itsasadarreko kanalean, eta azkena Tribord parean, arrantza portuan. 2026an eta 2027an arituko dira bertan dragatzen, baita beranduago berriz ere hiru urteko beste fase batean ere.
Orotara, 320.000 metro kubo jalkin dragatzea espero dute heldu diren hamar urteetan. Eta lohian diren metal astunak legezko mugaren barnean direla ziurtatze aldera azterketak egin ondoren, lohiak sare batetik pasa eta makro-hondakinak segidan baztertzen dituzte. Agintariek argitu dutenez, kalitatezko hondar baliagarria Hendaiako hondartzan betetze lanak egiteko bideratuko dituzten bitartean, gainerakoarekin sabela beterik itsasora joaten da itsasontzia, kostaldetik 5 kilometro ingurura kokatu duten ‘murgiltze eremuan’ dena isurtzera.
Udaberrian Zokoburuko portu barruan egin zituzten dragatze lanak.