Bidasoaldeko baserrietan ere gozatu dituzte inauteriak asteburuan

Lizar Elexpuru 2026ko otsailaren 16a

Inauteri asteburu luzea ospatu dute Irun eta Hondarribian baserrietan ere. Emeki emakumeen elkarteak 30 lagun elkartu zituen larunbatean mairuz jantzita, Akartegi, Zimizarga eta Gornutz auzotako 15 baserritan dantza eta eske ibiltzeko, eta Postigu baserriko Maritxu Bereau Larretxea omendu zuten. Irunen, aldiz, Euskal Herri Inauteria ospatu zuten Kemen eta bere Adaxkako 100 bat dantzarik larunbatean. Eta igandean Eraiki, Egoipar eta Txorimaloak Soinu taldea ere batu zitzaien Irungo nekazal auzoetan Puxka Biltzen. 

Inauteriak baserrietan ere ospatzen dira Bidasoaldean. Eguraldiak lagundu ez badu ere, ohitura zaharrak gordetzen dituzten euskal dantza taldeek Puxka Biltzen ibili dira Irungo nekazal auzoetan barrena. Igandean, Kemen dantza taldea baserriz baserri eskean ibiltzeko ohitura zaharra dute Zaldun Inaute egunean. Kemeneko dantzariak Olaberria auzoan ibili dira 9:30etik aurrera. Era berean, Egoipar Meaka dantza taldea Meakan, eta Txorimaloak Soinu taldea Landetxan. Eraiki dantza taldea, aldiz, 8:45ean San Martzialen emana zuen hitzordua. Izan ere, 1984tik egiten duten bezala, 100 lagun inguru elkartu dira Behobia eta Bidasoa auzoko baserrien atarietan Fandango eta Arin-Arin dantzatzeko.

Aurretik, larunbatean, Emeki dantza taldeak eta bere harrobiko Adaxkako 100 bat dantzari, Euskal Herri Inauteria ospatu zuten Irungo erdigunean. Aurtengoan Altsasuko inauteriak, momotxorro jantzi ofizialekin ibili dira kalejiran. 

Hondarribian dantza eta omenaldia

Ohitura zaharra dute Hondarribian ere, Mairuena. Emeki emakumeen elkarteak usadio zaharra berreskuratu zuenetik atxikitzen du urtero. Eta larunbatean, etxeko trapu eta zaku zaharrekin, eta lastozko kapela buruan jantzita, 30 lagun inguru elkartu ziren goizeko 10:00etan Jaizkibel kanpinetik abiatzeko. «Udaberria iratzarri eta izpiritu txarrak erratzaz uxatzeko ez ezik, bereziki baserriak girotu eta irrintzi eta eskean ibili ziren baserriz baserri Akartegi, Zimizarga eta Gornutz auzoetan barrena. 

Urtero bezala, 15 bat baserri bisitatu dituzte, eta Emeki elkarteko Mariaje Berrotaranek kontatu digun bezala, baserriko andreak omentzeko ohiturari jarraipena eman diote aurten. Duela lau urte hasi ziren azken urteetan mairuei urtero harrera egin ohi dieten baserriko adineko emakumeei eskertza egiten. Berrotaranek dioenez, «haien etxera hurbildu, elkarrizketa bat eta argazkia egin, bertso bat bota eta lore-sorta bat oparitzen diogu pergamino batekin». Aurreneko urtean Kontxi Imaz omendu zuten, 2024an Celestina Miranda, eta iaz Lujune baserriko Juncal Daguer omendu zuten. Aurten Postigu baserriko Maritxu Bereau Larretxeari egin diote bisita.