Uraren digitalizazioan jarraitzeko Irungo ur-kontagailuak ordezkatzen hasiko da Txinzer

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 19a

Txingudiko Zerbitzuek (Txinzer) Hondarribiko etxeetako 7.000 ur-kontagailu ordezkatzeko lanak amaitutakoan, Irungo Pinar, Anzaran, Urdanibia eta San Migel auzoetan hasiko dira tele-irakurketa ahalbidetzen duten gailuak instalatzen. Txingudi Data Drive Bay modernizazio proiektuaren barruan kokatzen dute, uraren kudeaketa jasangarriagoa lortzeko, une oro bezeroen ur-hornidurari buruzko informazioa emango baitio Txinzerri, besteak beste ur-ihesak azkar identifikatu ahal izateko.

Joan den apirilean hasi zituen Txingudiko Zerbitzuek (Txinzer) Hondarribiko etxeetako ur-kontagailuak ordezkatzeko lanak. Hondartza gunetik hasi ziren, eta hiria hegoalderantz zeharkatu ostean, Mendelun amaitzen ari dira. Orotara 7.000 baino gehiago berritu dituzte Hondarribian, eta lan hauek bukatutakoan, Irungo Pinar, Anzaran, Urdanibia eta San Migel auzoetan hasiko dira. Guztira 1.092.199 euroko inbertsioa eskatzen duen proiektua da honakoa, Next Generation Europako funtsak %73an diruz lagundutakoa.  Txingudi Data Drive Bay modernizazio proiektuaren barruan kokatzen dute, uraren kudeaketa jasangarriagoa lortzeko, une oro bezeroen ur-hornidurari buruzko informazioa emango baitio Txinzerri, besteak beste ur-ihesak azkar identifikatu ahal izateko.

Prozesu honi esker, etxebizitzak azken belaunaldiko tele-irakurketa teknologiaz hornituko dituzte, eta, horrela, ur-horniduraren kudeaketa jasangarriago bat egin ahal izango dute, ur-isuriak saihestuz eta ur-hornidura sarean eman daitekeen edozein arazoa lehenbailehen detektatuz. Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu digunez, «tele-irakurketari esker bezeroak duen uraren kontsumo ohiturei buruz datu asko jasotzen dira, eta gerta daitekeen ez ohiko kontsumo baten aurrean alarma pizten da». Diotenez, norbere etxean matxura bat duela ohartu baino lehen jakin dezakete Txingudiko zerbitzuetan hori. Gogoan hartu behar da, horretarako ur-hornidura sarean bestelako kontagailu batzuk dituztela, eta leku batetik bestera mugitzen den ur emaria zehaztasun handiz kontrolatu dezaketela gaur egungo teknologiari esker.

2015ean hasi zen Txingudiko Mankomunitatea Irungo eta Hondarribiko ur-kontagailu zaharrenak ordezkatzen. Eta faseka egin izan dituzte orain artean. Izan ere, eskualdean guztira halako 40.000 gailu daude. Oraingo honetan, 2024ko irailean aurkeztu zuten Txingudi Data Drive Bay proiektuaren baitan, uraren tele-irakurketa sistema modernizatzen jarraitzeko proiektua garatzen ari dira, etxeetako eta enpresetako ur-kontsumoaren neurketa zehatzagoa egin, eta aipatu bezala, ur-ihesak goiz detektatzeko aukera emateko. Aldi berean, honek Txingudiko Mankomunitateak matxura eta uraren zikloaren azpiegituren egoera zein den zehazteko informazioa jaso dezaketela argitu dute, inbertsioen eraginkortasuna eta erabakiak hobetzeko.

Irunen kontagailuak aldatzen hasi aurretik bizilagunei jakinaraziko zaie, eraikinaren atarian jarriko duten ohar baten bidez. Eta kontagailua etxe barruan instalatua daukatenen kasuan, Txingudiko Zerbitzuak harremanetan jarriko da abonatuekin, hitzordu bat zehazteko eta instalazioa koordinatzeko. Ohartarazi dutenez, AQUATEC eta KLIDAT enpresek egingo dituzte kontagailuen ordezkapen lan hauek, eta «langile guztiak behar bezala akreditatuta egongo dira, segurtasuna eta konfiantza bermatzeko». Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, Txingudiko Zerbitzuen bezeroarentzako arreta zerbitzura deitu daiteke 900 119 384 telefonora, edota posta elektroniko bidez txinzer@klidat.com helbidera idatzita.