artoa

Marc Badal: «Denok nahi dugu herriko bestetan talo bat jan; zergatik ez tokiko arto irinarekin egindakoa?»

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 19a

Tokiko Artoaren Eguna ospatuko dute otsailaren 21ean Zubietan. Euskal Herriko isuri atlantikoan hain inportantea izandako labora apaltzen ari da, eta desagertzen ari diren arto aldaeren prospekzio lana egin dute Basaburu Ttikian, Bortzirietan, Baztanen eta Malerrekan. Oraindik erabiltzen diren artoak identifikatu eta ikerketa borobiltzeko eguna ospatuko dute larunbatean.

Artoa nonahi aurki zitekeen garai batean gure inguruan. Ohikoak ziren auzokoen arteko arto-trukeak edota zuriketak, besta giroan. Baina, bizimodu aldaketarekin azkarki apaldu da gure inguruan artoa labore gisa, eta prozesu horrek arto tokiko arto aldaerak desagertzea ekarri du. Basaburu Ttikian, Bortzirietan, Baztanen eta Malerrekan oraindik erabiltzen artoak identifikatzen eta aldaeren inguruko prospekzio lanean aritu da Marc Badal hainbat lagunekin batera, eta gurean izan da egindako lanari buruz solasean.

Guztiak izan ohi du bere hasiera, eta lan honek ere, bi abiapuntu zituen nagusiki: «Edortak 23 urte daramatza errotari lanetan Zubietan, eta aspaldian elkartzen ginen eta erraten zidan nola geroz eta jende gutiagok mantentzen zuen etxeko artoa. Diru laguntza bati esker, horri buruzko lan bat egiteko aukera izan dugu. Eta bertzalde, bere gaian diagnosi bat egin genuen eskualdean lehen sektorearen egoera nola zegoen ikusteko. Ikerketa horretatik dinamizatzaile agroekologikoaren figura bat sortu zen, eta argi gelditu zen eskualdean tokiko produktuak kontsumitzeko kontsumitzaile talde bat badela, baina elikadura sistema horretan ekoizleak falta direla», azaldu du.

Izan ere, tokiko laborantzan kontsumitzaileak bezainbertze behar ditu ekoizleak: «Ekoizleak berez badaude inguruan, baina tokiko dendetan haien produktuak saldu edo merkaturatze bide laburretan aritzen direnak guti dira. Badira produktu batzuk, bereziki ez daudela: frutak, barazkiak… aniztasuna falta da produktu aldetik. Itsasne [dinamizatzaile agroekologikoa] buru-belarri ari da tokiko laborantzaren oferta handitzeko eta dibertsifikatzeko lanean. Eta hor kokatzen da artoarena».

Uste dute bereziki artoak aukera handiak izan ditzakeela eskualde horietan: «Zubietako errota hor dago eta kasik mirari bat da. Euskal Herrian badaude errotak, baina Zubietakoa da bakarra edonorentzat irekia dagoena. Horrek aukera zabala eskaintzen du».

Hala, prospekzio lan bat egin dute eta tokiko 26 arto-aldaera topatu dituzte: «Berez, mota ezberdin gutxi dira kontuan hartuta kantauri isurian artoa oinarri ekonomikoa izan dela, eta pertsonen elikagai funtsezkoa. Gertatu dena izan da azken urteetan arto aldaera ezberdinak baztertu direla eta berriak zabaldu, arrazoi ezberdinengatik». Solasaldiak aldaketa horien azalpenak xehetasunez azaldu dizkigu.

Tokiko Artoaren Eguna

Larunbat honetan (otsailak 21) ikerketari amaiera emateko Tokiko Artoaren Eguna ospatuko dute Zubietan. Egitrau zabala prestatu dute:

  • 09:00-11:00 Zubietako errotan

Tokiko aldaerak ehoko ditugu, eta jakintzak trukatuko ditugu errotazain batzuekin.

  • 11:00-13:30 Zubietako herriko plazan

Tokiko arto aldaeren erakusketa.

Artoa nixtamalizatzeko tailerra.

Taloak egiteko tailerra.

Tokiko artoen dastatzea.

  • 13:30 Zubietako herriko plazan

Bazkaria (taloa eta sagardoa).

  • 16:00 Zubietako soziedadean

Tokiko aldaeren prospekzioaren aurkezpena.

Euskal Herrian artoarekin ikustekoa duten proiektuen aurkezpena