M8ko eskualdeko martxak Hendaiatik Hondarribira egingo du "Beste mundu bat feminismotik" aldarrikatzeko

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 25a

M8 Asanblada Feminista Bidasoak antolatuta, martxa feminista erreibindikatzailea Pausu-Hendaiatik abiatuko da 11:00etan, eta Santiago zubia zeharkatuta (11:30), Irun zeharkatuko du Hondarribiko San Pedro kalean amaituz. 12:00etan Irungo Zabaltza plazan ere manifestua irakurtzeko geldialdia egingo dute.

Joan den otsailaren 20an Irungo Emakumeen Etxean egindako bileran, eskualdeko eragile feministek adostu zutenez, M8 Asanblada Feminista Bidasoak urtero antolatzen duen eskualde mailako manifestazioa, Hendaiatik Hondarribirako ibilbidea egingo du aurten. Iazkoa bi ardatzetan antolatu zuten, arratsaldez, Hondarribia eta Hendaiatik partituz eta San Juan plazan amaituz. Eta joan den urtean, larunbatarekin egokitu bazen, 3.000 lagun inguru elkartu zituen eskualdeko mobilizazioak "Matxismoaren kontra” eta “Faxismorik Ez!" lelopean.

Aurtengoan, berriz, “Beste Mundu Bat Feminismotik” eraiki daitekeela aldarrikatuko dute, eta martxoak 8a igandea denez, jende andana bat espero dute. Antolakuntzak iragarri duenez, manifestazioa goizeko 11:00etan abiatuko da Pausuko Charles Pucheu plazatik, eta Behobiko errepide nagusitik aurrera (Hapetenia behea) Hendaiatik Santiago Zubira joko du. Bertan 11:30ean eta Irungo Zabaltza plazan 12:00etan ere, geldialdiak egingo dituzte eragileen hitzartzeekin. Ondoren, martxa feminista erreibindikatzaileak Hondarribira joko du 13:00an San Pedro kalean amaitzeko.

Iragarri dutenez, aireportutik herrira sartzerakoan, San Juan de Dios plazan Sustraitik Gozamenera batukada feminista batuko da manifestaziora, Sabino Arana hiribidetik Portua auzorako bidean girotzeko.