Antxeta Irratiak “25 urte hegan” ospatu ditu, Ficoban egindako ekitaldi jendetsuan

Aimar Lopez 2026ko otsailaren 26a

200 lagun baina gehiagorekin ospatu dugu urteurrena. IRANTZU PASTOR

200dik gora bidelagunekin batera, mende laurdena ospatu du Antxeta Irratiak gaur arratsaldean Ficobako auditorioan. Bidasoaldea euskalduntzen eta kohesionatzen egindako lana azpimarratu dugu, egindako bidea eta izandako bilakaera partekatuz eta ospatuz.

Bada ospatzerik. 2001 hartan, milurtekoa hasi berritan, artean internet etxe askotara iritsi gabea zela eta Bidasoaren alde bakoitzean moneta ezberdinez ordaintzen zen garaian, ausardia berezi bat eskatzen zuen euskarazko irrati libre bat sortzeak. Entzun Ikus elkarteak -Gure Irratia animatzen duen elkarteak- eta Pausumedia elkarteak izan zuten orduan beharrezko indarra eta erokeria, eta hala, 2001 eta 2002 artean, 90.5 FM frekuentzian ahots berri batzuk entzuten hasi ziren. Hogeita bost urte pasa dira geroztik, eta lehen hegal kolpeak eman zituen Antxeta hura heldu bilakatu da eta aldatu da; berdina da haatik, baina denborari eta jendartearen aldaketei egokitzen jakin du.

Pausuz pausu

Lehen urteak ez ziren errazenak izan, eta langile, laguntzaile eta administrarien aldetik engaiamendu eta sakrifizio handiak eskatu zituen egoera ekonomiko zailak. Lehen hogei urteetan irratiko estudioak hartu zituen Hendaiako De Gaulle etorbideko 14.eko egoitzak uholde bat ere pairatu zuen 2006an, baina hortik landa hobetzen joan zen egoera.

Narratzaile baino, eragile

Muga administratibo bat erdian izateak izaera berezi bat eman zion hastapenetik Antxeta Irratiari. Hala, euskararen egoera legala, politikoa eta emozionala arras ezberdina zen herrietan aritzeak berariaz eman zion irratiari hizkuntzaren aldeko eragile rola. Emankizunak eta kazetaritza lana euskaraz egitea militantzia zen orduan, eta lankideek oroitzen duten moduan, prentsa oharrak euskaraz jasotzea utopia bat zen hastapen hartan; egin daitekeen gutxienekoa da gaur egun, egindako lanari esker. Tokiko hedabide guztiak frantsesez edo gazteleraz ari ziren mende hastapenean, baina pixkanaka, euskaraz ere informatu zitekeela erakutsiz, panorama aldatzen joan da.

Hizkuntzaren gaian ez ezik, elkarte irrati izanik, eta engaiamendu soziala oinarrian duen hedabidea da Antxeta Irratia. Hala, hastapenetik herri mugimendu eraldatzaile orori mikrofonoak irekitzeaz gain, beti egon da hausnarketa eta formakuntza desmartxa batean, eta horrek balioak eta kazetaritza egiteko modu berriak bereganatzera eraman du. 2010. hamarkada hastapenean, urte luzez mugimendu feministarekin lankidetzan aritu eta gero, kazetaritza feminista egiteko engaiamendua hartu zuen irratiak, langileak horretara formatuz eta hainbat dinamika deseraikiz.

Hamarkada horretan beranduago, bereziki 2017-2018tik landa, pertsona migratzaileekin errespetuzko kazetaritza egiten ikastea egokitu zitzaion Antxetari, Mediterraneo Ekialdeko migrazio bidea itxi eta Bidasoaldetik milaka errefuxiatu pasatzen hasi zirenean. Horretarako ere, protagonistak entzun, galderak errespetutik egin, eta adituekin solastuz, kazetaritza pixka bat duinagoa egiten ikasi zuen irratiko lantaldeak, arloan erreferente ere bilakatuz.

Irratia izenez, multimedia izanez

2001 eta 2002 artean sortu zen Antxeta irratia bazen, ez zen luze izan orduko lankideak blogekin lehenik eta geroago webguneekin esperimentatzen hasi ziren arte. Kazetaritza egiteko eremu berri bat ireki zen sarean, informazioa urririk kontsumitzeko aukera herritarrentzat, eta horri heldu zion Antxetak. Horixe izan baitu lema: euskarazko eta tokiko informazioa dohainik eskaintzea entzule, irakurle, ikusle edo dena delakoari.

Horrek eraman zuen irratia sare sozialetan kontuak irekitzea 2000. hamarkada bukaeran eta hurrengo hamarkada hastapenean. Eta filosofia berarekin hasi zen hedabide hau, duela jadanik hamar bat urte, lerro hauen antzekoak idazten, informazioa entzun bai, baina irakurtzea ere komeni baita. Horren jarraipen logikoa izan zen, 2023ko Hego Euskal Herriko herriko hauteskundeak aitzakia, sare sozialetarako bideoak ekoizten hastea, eta 2023 eta 2025 artean esperimentazio fase bat izan ondotik, 2025eko urtarriletik astero hiru bideoko argitalpen erritmo bat du Antxeta Irratiak sarean. Egun, 25 urte betetzen ditugun honetan, erabat multimedia den komunikabide bat da Antxeta.

25 urtez zuekin hegan!

Lelo horrekin bukatu da gaurko ekitaldia, laguntzaile, kronikari, ohiko eta ezohiko elkarrizketatu, lankide eta lankide ohi, erakunde, eta batez ere, bereziki, entzule zaretenak eskertuz. Duela mende laurden ideia zaila eta arrotza zena egingarria, zentzuzkoa eta beharrezkoa dela erakutsi dute Antxeta Irratiak bidelagun izan dituen guztiek. Uhinetan, sarean, eta behar den lekuan hegan jarraitzeko indarra ematen duten horiekin, bertze hogeita bost egiteko kuraia soberan dugu. Mila esker zuei. Bada ospatzerik!

Oharra: bihar, egunean zehar, argazki galeria eta ekitaldiaren bideo osoa hedatuko ditugu.