Bideoak

"25 urtez hegan!" ekitaldia osorik ikusgai da

Aimar Lopez 2026ko otsailaren 27a

Musika, dantza, zirkua, arte plastikoak, bertsoak eta kantuak uztartu zituen atzo arratsean berrehundik gora lagunen aitzinean egin genuen ekitaldiak. Azken hogeita bost urteetan bidelagun izan zaituztegunetako batzuk elkartu, eta gure komunitatea ospatu genuen.

Publikoan 200 lagun baina gehiago, eta oholtzan Antxeta Irratiko langileokin, zortzi sortzaile, Ficobako auditorioak artez gainezka egin arte. Hitzartzeak ere izan ziren noski, Agus Hernan irratiko sortzaile eta lehendakariarena eta Aitziber Zapirain koordinatzailearena. Koldo Nausia lankideak aurkezturik, ordubete eskaseko ekitaldian, irratiaren 25 urteko ibilbidea oroitu genuen, egungo egoera ospatu, baina bereziki, sortzaileei eman genien oholtza.

Arpan, Maddi Sanz aritu zen ekitaldiko momentu oro musikatzen, goxotasun ikaragarriz eta talentua soberan. Berekin ireki zuen ekitaldia Miriam Perez Cazabon dantzariak, oholtzaren alde batetik bertzera eramanez, antxeta baten gisara. Hark eman zien argia eszenaren alde batean zegoen artelanari eta ordubetez pintzelak eskuetan aritu ziren Ramon Zabalegi eta Kristina Joaniz margolariei. Irunabarreko Beñat Elosegi eta Gotzon Aizpiolearen bertso musikatuek nostalgia pixkat utzi ziguten denei, eta musikatik urrunduz, sorpresa eman zuen Jabier Muguruzak, udaberrian argitaratzekoa duen lehen eleberriaren lehen lerroak irakurriz. Eta halako batean, oholtzan ez ezik, airean ere hedatu zen artea, Irati Gonzalez Jaimerena zirku artistak publikoa aho zabalik utzi baitzuen. Pontx Pailazoa gure artean ez bazen ere, ekitaldian izan genuen, elkarrizketak modu originalean egiteko gaitasun handia erakutsiz.

Baina atzo gauean ikusi eta bizitakoa hitzetan laburtzea zaila denez, ordubeteko bideoa duzue orri buruan, ekitaldi osoa ikusteko moduan.