Euskal Trenbide Sarea (ETS) enpresa publikoak Gipuzkoako Euskotren zerbitzuen azpiegiturak hobetzeko, datozen hiru urteetan 25,1 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa adierazi du. Horietatik 8 milioi euro trenbidearen katenaria bera berritzeko bideratuko ditu, besteak beste, Irungo Ficoba eta Hendaiako geltokien arteko Nazioarteko zubiarena. Izan ere, Gipuzkoako Euskotren sare osoan zatirik zahartuenetariko da gaur egun.
ETS enpresak argitu duenez, anartean, Oiartzun-Hendaia zatian hobekuntzak eta Ficobako geltoki berria sortu, edota Hendaiako tren geltokia berritzeko lanak egin badira ere, trenbideari dagokionez, azken berritze lanak 1994an egin zituzten. Herrera-Errenteria (1995) eta Eibar-Deba (1998) zatiak ere zahartuak daude, baina Irungo Nazioarteko zubiak esku hartzea behar du, eta 2027 urtean berrituko dute.
Susana Garcia Chueca, Mugikortasun Jasangarrirako kontseilariak eman du inbertsio planaren berri, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean urtarrilaren 23an egindako Euskotren sarearen azpiegituren egoerari buruzko informazio eskaeraren ondorioz.