Hondarribiko Udalak kaletik bildutako 69 bizikleta 'Bir-Ziklatzeko' eman dizkio Balaztari

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 3a

Abandonu zantzuak zituzten kaleko txirrindak jaso eta, legez ezarritako epeak bete ondoren, Balazta elkarteak jaso ditu 'Bir-Ziklatu' ekimenera bideratzeko. 2023an Hondarribiko kaleetan abandonatutako 25 bizikleta jaso zituen elkarteak jada, eta oraingoan 2023 eta 2024 urteetan Udaltzaingoak bildutakoak "hondakin" bihurtzeko prozedura burutu eta inork erreklamatu ez dituenez, beste 69 eman dizkio bizikletaren aldeko elkarteari. Orain konpondu eta horietariko asko GKE eta elkarte sozialentzat bideratuko dituzte, egoera zaurgarrian dauden pertsonen faboretan.

2023ko urriaz geroztik, hondakin bihurtu eta 'Bir-Ziklatu' programara bideratzen dituzte Hondarribiko kaleetan abandonu zantzuak dituzten bizikletak. Hondakindegian amaitu beharrean, txirrinda hauei bigarren bizitza bat eman eta bizikleta bat behar duenak aprobetxatu dezan, Balazta elkarteak eta Hondarribiko Udalak 2022an adostutako elkarlanari esker, bizikleta hauek Balaztak duen 'Bir-Ziklatu' ekimenera pasatzen dira. Eta akordioaren lehen emaitza 2023an jasotako 25 bizikleta izan ondoren, oraingoan 69 bizikleta jaso berri ditu elkarteak otsailean. 

Balazta elkarteak Irungo Larreaundi auzoko eskola zaharrean duen tailer kolaboratiboan konponduko ditu txirrinda hauek, eta berreskuratu ezin daitezkeenak piezatarako erabiliko dituzte. Baina , oro har, premia duten pertsona eta familien esku jarriko dituzte. Izan ere, ekimen honek mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, dimentsio soziala duela nabarmendu du Hondarribiko Udalak. Estitxu Urtizberea zinegotziak aditzera eman duenez, «udal kudeaketa arduratsua eta ikuspegi soziala uztartzen ditu ekimenak, jasangarritasuna ez delako ingurumen kontzeptu hutsa, dimentsio soziala ere badu, eta bigarren bizitza ematen diegun bizikleta hauek aukera bihurtzen dira beste batzuentzat».

Alde horretatik, 2024an jasotako 25 bizikleta horietariko asko Behar Bidasoa GKEaren bitartez Senegalera bidali ahal izan zituzten. Eta Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin hitzarmena sinatu zuten elkarlan honen harira, eta egoera zaurgarrian dagoen herriko familiaren batek bizikleta bat behar izango balu ere, horietariko bat segurtatzen diote.

Balaztak jasotako 69 txirrindetako batzuk Larreaundiko tailerrean konpontzeko prest dituzte dagoeneko. 

Oraingo honetan, Hondarribiko Udalak Balaztari emandakoak baino bizikleta gehiago bildu ditu 2023 eta 2024 urteetan herriko kaleetan. Izan ere, bi urte horietan kalean abandonu zantzuak zituzten 142 bizikleta eta patinete eskuratu zituzten. Eta udalak argitu duenez, Balazta elkarteari emandakoez gain, ADENDAS GKEari lau gurpileko 10 kotxe handi eta bi txiki eman zaizkio, eta bide-heziketarako erabiltzen ziren 10 bizikleta ere. Gainera, Hondarribiko arrantzale batek bere jaioterrira (Senegalera) hainbat bizikleta bidaliko ditu. Mamadouk Senegalen eskola proiektu bat martxan jartzen ari da, eta haurrentzako eskola-garraio tresna erabiltzen ditu bere jaioterrian. Imanol Agirre Balaztako kideak harro kontatzen duenez, «haur horiek oinez etxetik bizpahiru ordutara dagoen eskolara joateko aukera dute orain bizikletan».

Hondakin bilakatzeko prozedura legala

Udalak argitu duenez, herriko kaleetan abandonu zantzuak dituen bizikleta bat topatzen dutenean, Udaltzaingoak informazio moduko pegatina bat jartzen dio bizikletari. Eta 15 egun pasatu ondoren bizikleta bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramaten dute, eta Katalogoan sartzen dute. Bizikletari argazkia egin eta identifikazio-kodea esleitzearekin batera udalaren webgunean argitaratzen dute, balizko jabeari berreskuratzeko aukera emateko.

Beste bi hilabete igaro eta inork erreklamatu ez badu, udalak bizikleta hondakin bilakatzeko prozedura martxan jartzen zuen orain artean. Ondoren hondakindegian amaituz. Baina Balazta elkartearekin adostutako hitzarmen honi esker, bigarren erabilera ematea erabaki dezake.