Balazta: «Politikariei ausardia falta zaie, baina pedalari ematen badakigu eta pelmada ematen ere, ez dugu etsiko»

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 22a

Udal eta foru erakundeen mugikortasun planek gauza bat diote, baina «kotxezentrismoarekin apurtzeko borondate politikorik ez dago» Imanol Agirre Balazta elkarteko kidearen ustez. Hiri-eredua aldatzeko «erresistentzia» dagoela dio, baina 8 urteko seme-alaba bizikletaz bakarrik ibiltzea segurua ez den bitartean, aurrerapausoak ematea zaila ikusten du. Agintariei «erabakiak eta inbertsioak» exijitzen dizkieten bitartean, bizikletaren aldeko elkartea etengabe zabaltzen ari da pedalaren eragina eskualdean.

Irungo Udalak Isuri Apaleko Eremuaren (IGE-ZBE) udal ordenantza 2026 urte hasiera honetan onartuko duela aditzera eman zuen Cristina Laborda alkateak abenduaren 30ean. Hala izango bada ere, aurreikusitako perimetroa (Dunboako kanala batetik, Irungo GI-636 eta Hegoaldeko saihesbideak bestetik, eta trenbideak mugatutako eremua izango da, Colon-Nafarroa hiribideak eta Gipuzkoa-Iparralde etorbideak ardatz hartuta) egokitzeko milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dutela argitu zuen. Eta beraz, debekuen ezarpena atzeratu egingo da.

Hartara, 50.000 biztanle baino gehiagoko zenbait hirietan helegiteak aurkeztu dituzte, eta beraz, Irunen «segurtasun juridikoa» lortu bitartean zuhurtziaz jokatu nahi dutenez, udalak ez du 2027 urtera arte egingarria ikusten.

Ausardia politiko eza

Alde horretatik, Irunen, eta oro har eskualdean, autoa da oraindik ere nagusi. Eta ibilgailu motordunak etxean utzi eta bizikletan mugitzea ginkana bat bilaka daiteke. Balazta hiri-bizikletaren aldeko elkarteak «ausardia» exijitzen die udal eta foru agintariei bidegorri-sarea osatu dezaten. Imanol Agirre, Balaztako kideak azaldu digunez, abenduan egindako urteko batzarrean azken bi urteetan mugikortasun jasangarrian emandako aurrerapausoak aztertu zituzten, eta «inora ez daraman» Pierre Lotiko Santiago-Plaiaundi arteko egurrezko pasabideaz harago, deus gutxi aurreratu dela ohartu dira.

Bere ustez, agintari guztiak ados daude bizikleta alternatiba egokia dela esaterakoan, baina kotxezentrismoarekin apurtzeko borondate politiko falta dagoela pentsatzen du. «Hori da sentitzen ari garena beti, hitzetan eta idatzietan agertzen diren irizpideek gauza bat diote», salatzen du Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak (HMJP-PMUS) edo Hondarribiko Mugikortasun Mahaiak adostutakoak gogoratuz, «baina arazo nagusia da politikarien artean ausardia gutxi dagoela, erresistentzia bat dago haien aldetik benetan erabakitzeko beste mugikortasun bat behar dugula mundu hau pikutara joan ez dadin, kotxe erabiltzaileen aldetik presio handia sentitzen dutelako». 

Mugikortasun eredua eraldatzea posible dela jendarteari sinetsarazteko erronka handia dutela aitortzen du Agirrek, eta Isuri Apaleko Eremuen eztabaidan oinarrizko akats bat dago bere ustez. «Auto elektrikoek kutsaduraren arazoa arinduko du hemen agian, hemendik urrun kutsatuko duten bitartean» dio, argindarraren ekoizpen-iturriak eta baterien arazoa gogoan hartuta, «baina arazoa da espazio publikoa nola erabiltzen dugun, eta norentzat nahi dugun». Zentzu horretan, Europako beste herrialde batzuetako hiri-ereduak gogoan hartuta, «nork ez du nahi oinezko eta bizikletentzako espazio erabilgarriak dituen hiri bat, lasaia?», pertsonak eta ez autoak erdigunean jarriko dituen hiri-eredu bat aldarrikatuz. Gogoan hartu behar baita, Irunen, hiriguneko espazio erabilgarriaren %65a errepideek, aparkalekuek eta autoen zirkulaziora bideratutako egiturek hartzen dutela.

Eraldaketaren 'pedala'ri eragiteko beharra

Balazta elkartea sortu zutenetik, txirrinda eguneroko desplazamenduetan hiri-garraiorako tresna egokiena dela aldarrikatu dute. "Kotxe gutxiago, bizitza eta bizikleta gehiago" lelopean egin du elkarteak sare sozialetan abiatu duen azken kanpaina. Hari beretik, «osasuntsua da, kutsadurarik eta zaratarik gabekoa, merkea eta askatasun osoa ematen dizu», aldarrikatzen du Imanol Agirrek. Baina «zure 8 urteko seme-alabari bizikletaz bakarrik joatea uzten ez badiozu, argi dago azpiegiturak ez direla egokiak, eta ez dela segurua», argitzen du. 

Larreaundiko Bir-Ziklatu tailerrean, txirrindak ez ezik, hauek konpontzeko tresna guztiak jartzen dituzte eskura. 

Egoera hori aldatu nahian urteak daramatzate agintariei inbertsioak exijitzen, «tantaka iristen direnak eta beti motelegi». Baina jendartea sentsibilizatu eta «gero eta bizikleta gehiago kalean jartzeko» lanean ere ari dira elkarteko boluntarioak etengabe. Gaur 120 bazkide dira elkartean, urtean 20 euroko kuota ordaintzen dutenak. Eta 2021 urtean Irungo Udalak lagatutako Irungo Larreaundiko tailer kolaboratiboa ireki zutenetik, jauzi kualitatiboa eman zuten. «Egundoko martxa hartu du, bazkideak eta bazkide ez direnak asko pasatzen dira bizikletak konpontzera», dio Agirrek. Aurten, hain justu, astean bi egun zabaltzetik hirura pasatzea erabaki dute. Astelehen eta asteazkenetan (17:00etatik 20:00etara), eta larunbatero (10:00etatik 13:00ra) topatuko duzue ate zabalik.

Aurten gainera, hilean behin Mekanika Tailerra antolatuko dute dohainik ekaina bitartean. Aurrenekoa urtarrilaren 17an egin zuten, zulaketak konpontzekoa. Otsailaren 7an balaztak (frenoak) doitzeko tailerra izango da, eta hurrengoetan kanbioak, gurpilak zentratzeko eta erradioak aldatzeko, gurpilaren ardatza olioztatzen ikasteko eta direkzioa konpontzekoak proposatuko dituzte, martxoak 14, apirilak 18, maiatzak 9 eta ekainak 6an hurrenez-hurren.

Bestalde, Larreaundiko Bir-Ziklatu tailerrean konpontzen dituzten bizikletak behar dituztenez, zaharrak berrerabiltzeko bideak ere asmatu dituzte. Jendeak dohaintzan emandako trastelekuetatik ateratakoak dira batzuk, baina Hondarribiko Udalarekin hitzarmena izenpetu zuten 2023an, abandonu zantzuak dituzten kalean aparkatutako bizikletak berreskuratzeko. Horri esker, iaz halako 25 jaso zituzten, eta heldu den otsailean 50 bat gehiago eskuratuko dituztela iragarri digu Imanol Agirrek.

Birziklatutako bizikleta horietariko askok Balaztako bazkideek erabiltzen dituzte gero Bidasoaldeko kaleetan. Beste batzuk, aldiz, GKE eta elkarte sozialek jasotzen dituzte egoera zaurgarrian dauden pertsonen faboretan. Gurutze Gorria edota Behar Bidasoa bezalako erakundeekin egin izan dituzte halakoak. Eta Mamadou, Hondarribiko arrantzaleak, adibidez, Senegalen eskola proiektu bat martxan jartzen ari dela, haurrentzako eskola-garraio tresna erabiltzen ditu bere jaioterrian. Imanol Agirrek harro kontatzen duenez, «haur horiek oinez etxetik bizpahiru ordutara dagoen eskolara joateko aukera dute orain bizikletan».

Nagusikleta proiektuarekin adineko pertsonekin irteerak antolatzen dituzte Irun eta Hondarribian. 

Gure eskualdeko haurrek, aldiz, eskolara txirrindaz joan daitezen saiatu da Balazta hainbatetan. BiziBusa proiektuari esker, Irungo zein Hondarribiko Udaltzaingoaren laguntzarekin, hainbat hitzordu antolatu dituzte ikasleekin. Baina «gurasoen kezka da gero, eskola amaitutakoan bakarrik itzuli behar direla, eta ez daude lasai», dio Agirrek. 

Nagusikleta proiektuak, aldiz, arrakasta lortu du. Adineko pertsonen akonpainamendua egiten duen Nagusilan elkartearekin lankidetzan, zahar etxeetako adinekoekin irteerak antolatzen hasi ziren trizikloekin paseoak antolatuz. Baina iaz adineko egoitzetan ez ezik, etxebizitzetan bizi diren eta mugikortasun arazoak dituzten adineko pertsonek ere parte har dezakete. Horretarako hitzarmena adostu zuten Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin. Dagoeneko lau triziklo eskuratu dituzte, baina pedalari eragingo dioten boluntarioak behar ditu elkarteak irteera hauek bermatzeko. Parte hartzeko interesa duen orok nagusikleta@balazta.org helbidera idatzi edota 943 966 885 telefonora deitu besterik ez du egin behar.

Eskolara bidea bizikletaz egitea bultzatzeko BiziBusa ekimena antolatu izan dute hainbat alditan. 

Proiektuz proiektu, Balazta Eguna izan ala urtean zehar antolatu ohi dituzten Bizikleta Martxa ezberdinekin, bizikletaren erabilera hauspotzeko hamaika ekimen abian jarri ditu elkarteak azken urteotan. Eta Imanol Agirrek argi du «kotxeekin batalla galdua dagoela, baina ez gerra», eta mugikortasun jasangarriago bat lortzeko bidean, ez dutela etsiko, auto gutxiago eta pedal gehiago lortu arte. «Pedalari ematen badakigu, baina pelmada ematen ere, eta ez dugu etsiko Mendeluko arazoa konpondu dadin, bidegorri sarea osatu dezaten, eta proiektu berrietan ere gu beti prest egongo gara gure esperientzia horren alde emateko», argitu du. Orain, adibidez, Irungo Udala bizikletak kalean aterpetuta gordetzeko aparkalekuak jartzeko asmoa adierazi die, eta haiekin jarri dira harremanetan.