Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik garapen agentziaren bitartez, emakumeen ekintzailetza ikusarazteko sentsibilizazio kanpaina bat antolatu du. Bosgarren edizio honetan, eskualdeko sei emakume ekintzaileek beren esperientzia partekatzeko beste hainbeste bideo prestatu dituzte. Haien negozio ideia eta enpresa proiektuen berri emateaz gain, aurre egin behar izan dituzten erronkak azaltzen dituzte bertan. Eta bideoak Bidasoa Biziriken webgunean eta sare sozialetan egongo dira ikusgai, ahalik eta zabalkunde handiena lortzeko, eta berdintasunaren eta ekintzailetzaren kultura sustatzen jarraitzeko xedez.
Alde horretatik, ehun ekonomikoan egiturazko eraldaketa eragiteko eta genero-arrakala murrizteko akuilu lanetan dabil Bidasoa Bizirik aspaldi. Eta 2025ean 425 ekintzaile lagundu dituen bitartean, horietatik 231 (%54) emakumezkoa izan da.
Honako kanpaina Bidasoa Bizirik erakundearen II. Berdintasun Planaren baitan kokatzen da, enpresa-eremuan genero-berdintasuna sustatzeko sentsibilizazio ekintzak bultzatzeko konpromisoa baitu garapen agentzia publikoak. Nuria Alzaga eta Estitxu Urtizberea, Bidasoa Bizirikeko presidente eta presidenteordeak ekintzaileekin elkartu dira kanpaina aurkezteko. Alzagak «emakume ekintzaileei laguntzeko konpromisoari eusteko beharra» nabarmentzearekin batera, enpresa-ekosistema bidezkoago eta anitzago bat sortzeko helburuekin lerrokatutako kanpaina dela azaldu du.
Era berean, Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko lehendakariordeak, «neskato eta emakume guztiek arlo profesionalean nahi duten etorkizuna irudikatzearen garrantzia», azpimarratu du. Emakumeek zuzendutako enpresak bultzatu behar ditugula, eta genero-gaiak kontuan hartuko dituen enpresa-sare bat sustatu beharra dagoela uste du udal ordezkari hondarribiarrak. «Istorio horiek bidea irekitzen dute, erreferente bihurtzen baitira emakume askorentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat», dio Urtizbereak.
Hartara, negozio propioa hasi nahi duten emakumeentzat erreferente horiek gure eskualdean bertan sektore ezberdinetan lanean ari diren sei ekintzailetan bilatu dituzte kanpaina honen bidez. Sei istorio kontatzen dituzte, Patricia Ardanuy (La Visionaria gaztandegia), Aida García (Izaga hortz-klinika), Miriam Loidi (Arte eta Naturako Sormen Tailerrak), Marina Zayas (Marzaycas dekorazioa), Marta Sagües (MS Comunicacion y Eventos) eta Marta Iza (dekoratzailea).