Mundu berdinzaleago bat eraikitzeko prest dira Bidasoaldean

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 9a

Pausutik Hondarribira 3.000 lagun inguru batu ziren atzo “Beste Mundu Bat Feminismotik” eraiki daitekeela aldarrikatzeko. Urruña-Pausu, Hendaia, Irun eta Hondarribiko adin guztietako herritarrek eta eragile feministek indarrak elkartu zituzten atzo, Bidasoaldeko kaleak hartu eta patriarkatuaz beste mundu bat eraikitzeko prest. Santiago zubian Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeak ere gogoan izan zituzten, hautagaiei feminismotik politika ausartagoak exijituz.

Bidasoaldean atzo milaka lagun batu ziren Martxoak 8 Emakumeen Eskubideen Eguna aldarrikatzeko eta ospatzeko. Pausuko Charles Pucheu plazatik abiatu eta Hondarribiko San Pedro kalean amaitu zen, 10 kilometro inguruko martxa. Bidean Hendaia eta Irungo jende andana bat bildu zen “Beste Mundu Bat Feminismotik” eraiki daitekeela aldarrikatzeko. 

Santiago zubian elkartu ziren Iparraldeko eta Hegoaldeko eragile feministak, eta bertan egindako hitzartzean Ipar Euskal Herrian ate joka ditugun udal hauteskundeetan, «indarkeria matxista eta politika feministak anbiguotasunik gabe» aintzat har ditzaten galdegin zieten hautagaiei. Frantziako estatuan, hiri handien %82an auzapeza gizonezkoa dela gogoratu zuten. 

Bertatik 2.000 lagun inguru sartu ziren Irunera, Iparralde etorbidetik gora, eta Zabaltza plazan esperoan ziren trikitilarien erritmoan, ehunka lagun gehiago batu zitzaizkien Hondarribirako bidean. San Juan de Dios biribilgunean Sustraitik Gozamenera Batukada Feministak hartu zuen erritmoaren lekukoa, eta Sabin Arana hiribidetik Portua auzorako bidean Emakumeak alardean! aldarriak entzun ahal izan ziren. San Pedro kalean amaitu zen martxa, eta Arrantzale auzoko eskaileretan manifestu eta bertsoekin borobildu zuten aldarrikapen eguna. Bertsoetan ere alardea izan zuten gogoan: «faxismoaren aurrean irrintzi bat bapatean, maite ditugu emakumeak plazan eta alardean, elkarren babesean gaur batu gara kalean, bertze mundu bat feminismotik sortzeko bidean» abestu zuten.

Amaierako hitzartzean gizarte feminismotik errotik eraldatzeko beharra, eta inoiz baino gehiago kaleak hartzeko beharra aldarrikatu zuten: «Gaur beste mundu bat sortzen dugu feminismotik. Patriarkatua egokitu, makillatu eta infiltratzen delako gaude hemen, eta gure gorputzak, gure garaiak, gure ametsak… gure bizitzak markatzen jarraitzen duelako».