greba orokorra

Txingudiko pentsiodunek ere Irungo kaleak hartzera deitu dute M17ko greban

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 16a

Txingudiko Pentsionisten Plataformako kideek M17 grebaren baitan eskualdeko manifestazioan parte hartuko dute. Txanaleta plazan 18:00etan luzatu dute deialdia, Mendelutik iritsiko den manifestaziora batu eta Irungo San Juan plazaraino joateko. Iaz EAJ eta PSE-EEk gutxiengo pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko Herri Ekimen Legegilea Eusko Legebiltzarrean galarazi zietela gogoan dute pentsiodunek. Orain herritar guztien prekaritatea borrokatzeko kaleak hartzera deitu dute. 

Euskal gehiengo sindikalak astearte honetan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa aldarrikatzeko deitu duen greba orokorrarekin bat egin du Txingudiko Pentsionisten plataformak. Gaur, azken 8 urtetan astelehenero egin duten bezala, Irungo San Juan plazan kontzentrazioa egin dute eguerdian. Eta bertan biharko grebaren aldarrikapenekin bat egiteaz gain, Bidasoaldean antolatutako eskualdeko manifestazioan Pentsionisten Blokea osatuko dutela azaldu dute. 

Shole Agirre, plataformako kideak azaldu duenez, pankarta berriak egin dituzte, eta 18:00etan Txanaleta plazan geratu dira pentsionistak haien txaleko eta lelo berriekin San Juan plazaraino joateko prest. Manifestazioa Mendeluko Zubimuxu biribilgunetik abiatuko da 18:00etan, eta pentsionistak Txanaletan batuko zaizkie manifestariei.

Agirreren ustez, «langileak, ikasleak, pentsionistak... denak kaleak hartzeko garaia da». Izan ere, prekaritate handia dago lan merkatuan eta belaunaldi gazteentzat ez ezik, pentsiodunen artean ere. Gogoratu duenez, «Irunen gutxienez mila pentsionista daude 850 euro baino gutxiagoko pentsioa kobratzen dutenak, eta horrekin ezin da inolaz ere bizi». Euskal Herrian bizitza Espainiako Estatuko batez bestekoa baino garestiagoa dela oroitarazi du, eta argi dauka soldatak eta pentsioak egokitu behar direla ezinbestean.

Alde horretatik, 2024an EAEko gutxiengo pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko Herri Ekimen Legegile (HEL) bat abiarazteko 145.000 sinadura bildu zituztela gogoratzen du Txingudiko Pentsionisten Plataformako kideak. «Urte oso bat egon ginen kalean, lanean, sinadurak biltzen, eta Eusko Legebiltzarreko ateak ere ez zizkiguten ireki, oso gogorra izan zen guretzat», salatzen du. Izan ere, Herri Ekimen Legegilea tramitera onartzea oztopatu egin zuten EAJ eta PSE-EE alderdiek, eta ez zuten eztabaidatu egin ere. 2025eko irailaren 25ean manifestazio handia egin zuten Gasteizen hau salatzeko. Eta Irunen, udaletxean agintean dauden alderdi politiko bertsuak interpelatu zituzten, erantzun argirik eta haien babesik jaso gabe. Orain langile eta ikasleekin batera kaleak hartuko dituzte berriz.