Eguzki taldeak alegazioak aurkeztu ditu EAEko itsasertza babestu eta antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onarpenaren aurka. 2025eko abenduan argitaratutako aginduaren ondoren, talde ekologistak ez du ontzat jo planaren edukia, anbizio falta nabarmena duelakoan. Haien ustez, dokumentuak ez du behar bezala erantzuten klima-aldaketak itsasertzean eragingo dituen arriskuei, hala nola itsas mailaren igoerari edo uholdeei.
Gainera, planak ez ditu zehazten helburuak betetzeko neurri eraginkorrak, eta horrek zalantzan jartzen du haren benetako eraginkortasuna. Eguzkik salatu du ardura gehiegi uzten zaiela tokiko administrazioei, baliabide mugatuak dituztenei. Era berean, kritikatu dute babes bereziko eremuetan erabilera batzuk baimentzea eta paduren galera ez behar bezala konpentsatzea. Azken finean, taldeak plan sendoago eta zorrotzago baten beharra aldarrikatu du, itsasertza benetan babestu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango dena.
NEURRI ZEHATZAK
Amaitzeko, eta anbizio falta nabarmena den alderdi zehatzei dagokienez, eta aurkeztutako alegazioak bere hedaduragatik garatu ezin ditugula kontuan hartuta, honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
• Itsas mailaren igoera eragingo duen itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJP) mugaketa berrien mugaketaren arloko neurririk eza.
• LPSaren helburu nagusia diren babes-helburuen kontrako zenbait erabilera (turistikoak, kiroletakoak, basogintzakoak, ehizakoak, etab.) baimentzea/onartzea, baita babes bereziko lekutan ere.
• Padura-eremuaren galera handia, orain arte arrazoi antropikoengatik batez ere galdutakoari gehitzen zaiona eta partzialki baino konpentsatu nahi ez duena.
• Indarreko planak ezartzen dituen hondartza naturalak kentzea.
• ILJParen zortasun-eremuaren barruan, eraikuntzen arloan indarrean dagoen legedia leheneratzeko neurriak eta epeak ez zehaztea.
• Planak eta beste administrazio batzuek eremu honetan eragina duten planak egiteko eta eguneratzeko epe luzeak, kasuren batean definitu gabe daudenak.