Irungo terrorismoaren biktimen oroigarrian Josu Zabala Erasun estatuaren biktima ez egotea eta Melitón Manzanas omendua izatea deitoratu dute

Aimar Lopez 2026ko martxoaren 31

Josu Zabala Erasun irundarra Guardia Zibilak hil zuenetik mende erdi beteko delarik, auzia mahai gainera eraman du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Estatuari aitortza eta hilketaren epaia baliogabetzeko galdegin diote, eta Irungo udalari memorialareko egoera “immorala” konpontzeko eskatu diote.

Urteurren borobil bezain iluna izanen da aurtengo alarde egunean Hondarribian, 50 urte beteko baitira 1976ko irailaren 8an, arratsaldea zela, manifestaldi batean Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun irundarra tiroz hil zuenetik. 24 urteko gazte irundarraren hilketa 1977an epaitu zuten, eta guardia zibil bat kondenatu zuten, baina Enrique Pascualek ez zuen kondena bete, urtebete beranduago amnistiarekin kalera atera baitzen. Orain, kasua berriz ere aktibatu nahi izan du GEB Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, aitortza eta erreparazioa lortu asmoz.

Hala, Espainiako Memoria Demokratiko legea oinarri harturik, Espainiako Gobernuari eskaera egin diote 1977ko epaiketa hura eta ondorengo amnistiatzea legez kanpoko eta zilegitasunik gabeko deklara ditzan, baita aitortza eta erreparazio pertsonala egin ditzan ere. Agus Hernan GEBko kideak azaldu du epaiketa hura “astakeria” izan zela, “inpunitatean oinarritua”, eta urteurrena baliatu nahi dutela justizia egin dadin.

“Ez da morala, oso ondo dakigulako Melitón Manzanasek zer egin zuen”

Zabala Erasunen hilketaren inguruan lanak egiteke ez daude Madrilen bakarrik, haren hirian, Irunen bertan ere. Iparralde etorbidean dagoen terrorismoaren biktimen memorialean haren izenik ez da ageri 2015ean biktima irundarren izendegia osatu zutenetik. Alta, polemika bizia sortzen duen izen bat dago grabatua: Melitón Manzanas González Espainiako Brigada politiko-sozialaren Gipuzkoako buruarena hain zuzen ere. 1968an hil zuen ETAk Irunen, erakundeak bere jardunean hildako bigarren pertsona.

Hernanek azaldu duenez baina, “dokumentatua” dago Manzanasek gutxienez 58 pertsona torturatu zituela, Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketetan. GEBk azaldu duenez Manzanas  “gutxienez ere arduraduna” da giza eskubideen bertze hainbat urraketatan ere, hala nola 1937an Nicolás Gerendiain epaile irundarraren erailketan, naziekin kolaborazioan edo 1944an Ramon Rubial militante antifrankista eta gerora PSOEko politikariaren torturetan.

Are, Agus Hernanek azaldu duenez, azken asteetan egin dituzten ikerketetan atzeman dute Melitón Manzanasek Josu Zabala Erasunen aita ere torturatu zuela, eta zorrotz mintzatu da: “Nola posible da torturatzailea monumentu batean egotea, eta biktimaren semea, biktima hura ere, ez egotea?”.

Cristina Laborda alkateari igorritako gutun batean Zabala Erasun sendiarekin harremana egiteko eskatu diote Irungo udalari, “familiarekin adostasun bat, konponbide bat” atzemateko. Oroigarriaren gaia “aurten” konpondu behar dela aldarrikatu dute Giza Eskubideen Behatokiko kideek.