Oscar Chivite, Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilaria Lesakan izan da bisitan, eta Azpiegitura eta Obra Publikoen zuzendari Maria Torres, eta Ladis Satrustegi alkatearekin batera obren garapena bertatik bertara ezagutu ahal izan du. Chivitek aditzera eman duenez, 2022-2025 Tokiko Inbertsio Planaren erreforma egin ondoren, Nafarroako udalerrien bizi kalitatea hobetzea ahalbidetzen ari dira udalekin lankidetzan lurralde kohesioa indartuz. "Honi esker, zerbitzu eta azpiegituren maila ez da non bizi zarenaren araberakoa", azpimarratu du. Chivitek Nafarroako Gobernuaren "inbertsio ahalegina" nabarmendu du.
Era berean, Ladis Satrustegi alkatea foru gobernuaren lankidetza eskertu du, eta inbertsio hauek "Lesakako erdiguneak behar zuen sarbide duina ahalbidetzeaz gain, eskaera historiko bati erantzuten" diotela gogoratu du. Alde horretatik, Lesakako trabesiaren obrak joan den agintaldian udalak onartutako Mugikortasun Planera egokitzen dela argitu du.
Oscar Chivite kontseilaria Ladis Satrustegi alkatearekin obrara bisitan.
Une honetan, Albiztur kalearen berritze lanetan dihardute, ur zikinen, euri uren eta iturriko ur saneamendu sarea berrituz, eta obrak ekainerako amaitzea aurreikusten dute. Bestalde, azaleko 204 metroko tartean pabimentazioa, eta oinezko pasabideak berrantolatu eta seinalizazioa berrituko dute. Horretarako 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo dute orotara, eta Nafarroako Gobernuak 576.382 euro bideratu ditu.
Alkaiaga auzoa eta Eskolttiki eraikina
Hortaz gain, Alkaiga auzoko saneamendu-sarearen bi faseetan 320.622 euro inbertitu dituzte, eta horietatik 224.435 euro Nafarroako Gobernuak jarri ditu, PILaren funtsen esparruan.
Bestalde, Eskolttiki udal-eraikina egokitzeko lanak oraindik hasi gabe daude, baina erabilera anitzeko aretoak sortzeko lehendik zeuden espazioak egokituko dituzte bertan, eta 62.000 eurotik gorako ekarpena egingo du Nafarroako Gobernuak, guztira 105.039 euroko obra finantzatzeko.