Txingudiko uretan 100 greba egun eta negoziazio erritmo geldoa

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 13a

Lan hitzarmena negoziatzeko otsailaren 4an izandako aurreneko bileratik ez da aurrerapausorik eman ELA sindikatuaren arabera. Negoziazioak azkartzeko eskaera egin ondoren, «inposatutako bilera egutegia edukirik gabe» luzatzea, eta «saiatzen ari dela adierazteko postureo hutsa» leporatu diote grebalariek Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileari. Hiru hilabeteko greba eta gero, uraren zikloan matxurak eta arazoak iragarri dituzte grebalariek «gaur langileei ordaintzen ez zaiena, herritar guztiok garesti ordainduko dugu gero», salatzen dute.

Txinzerreko lan gatazka desblokeatzeko Txingudiko Mankomunitatearen 2026ko 41 milioi euroko aurrekontuaren %0,88 besterik ez luke suposatuko langileen baldintzak hobetzeak.  345.000 euro hain justu. Apirilaren 14an 100 greba egun egingo duten 35 langileek diotenez, 2010 urtetik haien erosahalmena %20 galdu eta gero, «merezitako hobekuntza» aldarrikatzen ari dira.

Alde horretatik, enpresak Lanpostuen Balorazioa (LPB/VPT) egin du, eta langileen aldarrikapenak aintzat hartu beharrean, «urtean 2.000€ gutxiago kobratu beharko luketela» jakinarazi diete. Hartara, negoziaziorako orain artean egindako bilerek ez dute emaitzarik eman. «Borondate falta dago, guk aldarrikatzen dugun galdutako erosahalmena ez dela hala dio zuzendaritzak, ehuneko dezima batzuk baizik, baina gaur langileei ordaintzen ez zaiena, garesti ordainduko dugu herritar guztiok», ohartarazi du Alaitz Egiazabalek, ELAko greba komiteko ordezkariak. 

Izan ere, otsailaren 11n ur zikloko langileek greba mugagabea hasi zutenetik, Txingudi Zerbitzuetatik bitan argitu du honek ez duela uraren kalitatean eraginik. Eguiazabalek argitu duenez, «uraren potabilizazioa bermatu beharra dago, zerbitzu minimoak bete behar ditugu eta betetzen ditugu, noski, baina hiru hilabete eta gero instalazioetan nabarituko da». Azaldu duenez, ur saneamenduaren prebentzioa, mantentze-lanak eta deposituen edo estolderiaren garbiketa lanik ez da normaltasunez egiten ari, eta horrek epe luzera matxurak eta arazoak eragingo dituelakoan dago. 

Proposamenik gabeko negoziazioa

Agintariak, aldiz, ez dirudi lan gatazka bideratzeko presa nabarmenik dutenik. Izan ere, maiatzaren 5ean aurreikusia dute azken bilera, eta egun urrun daude edozein akordioa lortzetik. «Enpresak inposatutako egutegiarekin jarraitzen dugu, baina guk ere ez dakigu zein den irtenbidea, uste genuelako premiazkoa dela egoera azkartzea, ezin ditugu bilerak horrenbeste tartekatu», dio greba komiteko ordezkariak, baina azken bileraren ondotik, ezer gutxi aurreratu ahal izan dute. «Aste Santu honetan ez gara bildu gerenteak oporrak hartu behar zituelako», salatu du.

Bistan denez, orain artean erosahalmenari buruz eta lanpostuen balorazioaz aritu dira izandako bilkuretan. «Enpresak dio %0,1 besterik ez dugula galdu, kalkuluak gaizki eginak ekarri zituzten bilerara, eta lanpostuen balorazioa da garrantzitsuena guretzat, Irungo Udal langileen baldintzekin parekatu nahi dugulako, eta Añarbeko Urak eta Gipuzkoako Urak enpresekin alderatuta ere, askoz gutxiago kobratzen dugu Txinzerreko langileok, eta zuzendaritzak edozein tokitan baino gehiago», dio. Halaber, lan txandak betetzeko arazoak dituztela eta, zuzendaritzak proposamen bat helaraziko ziela hitzeman zuen Aste Santuan aurretik. «Horretan geratu ginen, baina beti bezala, bi aste pasa dira eta ez dugu emaila jaso oraindik», kexu da Egiazabal. 

Era berean, bi hilabete greban zeramatzatela, martxoaren 12an lortu zuten Cristina Laborda eta Igor Enparanekin aurreneko aldiz biltzea. «Luzea izan zen, baina mamitsua ez, garbi geratu zen beraiek direla arduradun nagusiak aitortu zigutelako, eta beraz, beraiek dira egoera hau desblokeatzeko gai direnak, baina gure ustez negoziazioa enpresa mailan eman eraman behar da», argitu du ELAko ordezkariak. 

Bestalde, grebalariek galdegin duten egutegia azkartzeko «agenda beteta duela» erantzun die zuzendaritzak. Baina aldi berean, Donostiako PRECOrako bilera batera deitu dituzte bitartekari batekin biltzeko proposatuz. «Postureo hutsa da, administrazio kontseiluari eta politikariei adierazteko negoziatzen eta saiatzen ari direla, baina horren atzean ez dago borondaterik», salatzen du.