Aste Santuko oporraldien balorazioa egin du Bidasoa Bizirik erakundeak, eskualdeko turismo sektoreari dagokionez. Hotelen batez besteko okupazioa %84,89koa izan da. Hondarribian %88,46koa, eta Irunen apur bat apalagoa, %83,23koa. Bisitarien jatorriari dagokionez, estatu mailakoa izan da %78,53 batean, eta batez besteko egonaldia, berriz, 2,21 egunekoa. Horrenbestez, iazko Aste Santuan baino datu okerragoak direla aitortu dute agintariek, baina Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirik erakundeko presidentea pozik azaldu da dinamikarekin. «Turismo sektorea hazteko helburua dugu, gure identitatea galdu gabe, eta etorkizunera begira asko dugu hobetzeko, baina datuak ongi bidean goazela baieztatzen dute», adierazi du.
Alde horretatik, Irungo Udalak ondare eta naturaren erreklamua landu du azken urteetan bisitariak erakarri nahian. Eta hiriak duen eskaintza erakargarria delakoan dago Alzaga. Aste Santu eta Pazko Astean zehar, Plaiaundiko Ekoetxeak 221 bisita jaso dituen bitartean, Oiasso Museoak 575 lagun jaso ditu, eta Tren Txikito elektrikoaren estreinakoa ere egin dute. Bestalde, Irun Berdea lelopean Aiako Harriko Lapurriturriko informazio gunean ere bisitari anitz jaso dituztela nabarmendu du.
Nortasuna galdu gabe turismoa garatzea
Agerikoa da, nolanahi ere, eskualdeko erreferente turistikoa Hondarribia dela. Eta Irunekin batera, kultura, ondarea, gastronomia eta naturan oinarritutako eskaintza turistiko oparoa du Bidasoaldeak. Azken urteetan urte osoan zehar turismoa erakartzeko estrategiak bilatu dituzte, betiere modu jasangarrian. Eta 2030 Agendari lotutako irizpideetan indartzen ari direla nabarmendu dute. Bidasoaldea Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarria jaso du Bidasoa Bizirikek Basquetourren eskutik.
Estitxu Urtizberea, Bidasoa Bizirikeko presidente orde eta Hondarribiko Turismo eta Merkataritza arloko zinegotziak azaldu duenez, turismoa, bisitari kopuruetan neurtu baino, sektoreak herriari ekartzen dizkion onurak eta eragiten dizkion traben arteko oreka bilatuz landu beharra dago. «Lehen ez zen herritarra kontuan hartzen, baina azken urteetan eraman dugun hausnarketan ohartu ginen, turismoa eta bertan bizi diren herritarren arteko oreka bat mantendu beharra dagoela», azpimarratu du.
Hortaz, turismoaren hazkuntza herriko ekonomiarentzat onuragarria den heinean, «lagundu eta bultzatu beharreko sektorea» dela aitortu du, baina turismoaren garapena eskaintza dibertsifikatuz eta herri nortasuna galdu gabe egin beharra dagoela uste du Urtizbereak. Hala eta guztiz ere, Aste Santu honetan Hondarribiko Arma Plazako turismo bulegoan 800 bisitari baino gehiago, eta beste 600 inguru Portukoan jaso dituztela nabarmendu du.