Azienda ezinbertzekoa dugu gure belaiak, ordokiak eta mendiak garbi mantentzeko. Joane Etxegarai albaitariaren arabaera, malda handiko inguru hezea da Bera; makineria sartzeko “zonalde delikatua", lokatz handikoa. Testuinguru honetan, aziendak ezinbertzeko papera betetzen du. Horregatik, abeltzainen lana aitortzeko ekitaldia ere izan zen larunbatekoa.
Belaiak garbi mantentzeaz gain, aziendaren presentziak ere ekosisteman eragina dauka. Joanek argitu zigun prebentzio lana ere egiten duela aziendak. Paisaiak garbi mantendu ezkero, azken aldian ugaritzen ari diren suteak kontrolpean mantentzen laguntzen baitu aziendak.
Herritik herriarentzat ekoizten diren produktuak ere salgai izan zituzten Bortzirietako ekoizle desberdinek: Maira Ogigintza Ekologikoa, Agorlekuko gasna, Erlanki ezti ekologikoa eta Garmendiko Bordako produktuak dastatzeko tenorea ere izan zen feriakoa.
Azienda eta produktuak ez ziren feriara hurbiltzeko arrazoi bakarrak izan. Berako aizkolariak ikusteko parada ere izan zuten beratarrek. Nerea Sorondo beratarra eta Uxue Ansorregi mendaroarra nor baino nor azkarrago aritu ziren. Nerea Sorondo beratarrak ibilbide oparoa dauka aizkoran: Euskal Herriko eta Nafarroako txapeldun lau aldiz izandakoa da. Pasaden larunbateko azienda ferian, Sorondok merezitako errekonozimendua jaso zuen omenaldi batekin.

Omenaldiaren ondotik, bertze lau aizkolari aritu ziren, Oier Larretxea eta Andoni La Torre, Endika Goia eta Eñaut Kortaren aurka. Laurak beratarrak dira, eta La Torreren eta Kortaren debuta izan zen larunbatekoa.
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren lekukoari heldu nahi dioten gazteekin ere egin genuen topo, adibidez, Aitor Etxegaraiekin, Nekazari eta Abeltzaintza ikasketak egiten hasi den gaztearekin. Adin bertsukoak dira Andoni La Torre eta Eñaut Korta aizkolari debutanteak. Patxi Larretxea zinegotziak, antolakuntzaren parte izan denak , belaunaldi gazteen etorkizunarekiko poza aitortu zigun.