Indarkeria sexisten aurkako lehen protokoloa aurkeztu dute Lurraldebusen

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 29a

Indarkeria matxistak prebenitzeko lanean diharduten erakunde publiko eta eragile sozialekin landutako protokoloa osatu dute, Lurraldebuseko autobusak eta geltokiak espazio seguruak izan daitezen. Prebentzio neurri eta sentsibilizazio kanpainekin batera, autobus gidariek indarkeria egoeren aurrean biktimak lagundu eta euren burua babesteko formakuntza jasoko dute. Gainera, Kontrol Zentroa berehala abisatuko duen larrialdi-botoia izango dute gidariek autobusean eskura.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak «garraio publikoan indarkeria sexistarik gabeko ingurune seguru bat bermatzeko» dokumentua aurkeztu du gaur Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan egindako ekitaldian. Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak ere parte hartu du agerraldian, eta Ana Redondo Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak eman dio amaiera ekitaldiari, bideokonferentzia bidez.

Cristina Laborda Irungo alkateak ere parte hartu du ekitaldian, udalak ekimenarekin bat egiten baitu. Izan ere, protokoloa Gipuzkoako udalekin eta indarkeria matxistak prebenitzeko lanean diharduten Emakunde, Ertzaintza, udaltzaingo eta eragile sozialekin lankidetzan egin dela nabarmendu du Azahara Dominguezek. Esan gabe doa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzarekin batera garatutako proiektua dela, baita Lurraldebuseko langileekin ere. Azken batean, haiek aplikatu beharko baitute protokoloa eguneroko garraioetan gerta daitezkeen egoeren arabera.

Autobusa espazio seguru gisa

Azahara Dominguezek gogorarazi du, azken urtean 30 milioi bidaia baino gehiago egin direla Lurraldebusen, eta horietatik ia 20 milioi emakumeak izan direla. «Protokolo hau edozein eraso sexista, fisikoa, ahozkoa edo sinbolikoa,  prebenitzeko sortu da, pertsona guztiak konfiantzaz eta lasaitasunez mugitzeko», azpimarratu du. Lurraldebuseko autobusak eta geltokiak eremu seguruak izateaz gain «segurtasun pertzepzioa» ere helarazi behar dutela gaineratu du.

Horretarako, protokoloak prebentzio-neurriak ezartzen ditu. Langileek ezagutza teorikoa eta indarkeria egoera horietan esku hartzeko trebetasun praktikoak lor ditzaten. «Langileen gaitasuna indartuko dugu erantzun egokia emateko, eta biktimak babesteko eta laguntzeko», argitu du Dominguezek. Gainera, ekintza horiek guztiak erabiltzaileei zuzendutako sentsibilizazio-kanpainekin osatuko dituzte, herritarrei eskura dauden baliabideen berri emateaz gain, horrelako egoeren aurrean zero tolerantzia azpimarratzeko, eta jokabide sexistak desnormalizatzeko.

Protokoloak aurreikusten dituen neurriak

Protokoloak ezartzen duenez, pertsona batek ikusten badu indarkeria sexistako egoera bat gertatzen ari dela, urrats hauek jarraitu behar ditu: biktimarengana hurbildu eta, gai baldin bada, indarkeria sexistako egoera eten; biktimari zer behar duen eta nola lagun dakiokeen galdetu, bere erabakiak errespetatuz; laguntzeko aukerak eskaini, hala nola poliziari deitzea, gidariari abisatzea edo konfiantzazko pertsonaren batekin harremanetan jartzea; eta biktimari leku seguru batera edo joan behar duen leku batera laguntzea. Indarkeria egoera edo erasoa oso larria bada, 112 zenbakira deitu behar da.

Gidariei dagokienez, biktimarentzako espazio seguru bat erraztu beharko du, gida-kabinatik gertu edo aurreko eserlekuetan kokatzeko aukera eskainiz, biktima babestuago eta lagunduago senti dadin. Segidan gidaritzako espazio babestuan dagoen larrialdi-botoia aktibatuko du, Kontrol Zentroarekin berehala harremanetan jartzeko, eta gertatutakoaren berri emango du. Hala ere, ekintzaren larritasunak hala eskatzen duenean, ibilgailua lekurik hurbilenean geratzera behartuko du protokoloak, eta Kontrol Zentroak 112 zerbitzuari jakinaraziko dio larrialdi-egoera eta autobusaren kokapena.

Protokoloak, halaber, emakumezko langileen aurkako indarkeria sexistako egoerak gertatzen direnean egin beharreko urratsak jasotzen ditu ere. Egoera hori emakume gidari batek pairatzen badu, Kontrol Zentroarekin komunikatzeko aukera ematen dion larrialdiko botoia aktibatuko du, eta Kontrol Zentroak 112 telefonora deituko du dagokion esku-hartzea eskatzeko. Eta gainerako erabiltzaileen osotasuna bermatuz, baina ibilgailua leku seguru batean gelditu beharko du.