E78 lineak Bidasoaldeko ostalaritzako langileak autobusez etxera itzuli ahal izatea bermatuko du egunero

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 5a

Irungo eta Hondarribiko ostalaritza elkarteen eskaerari erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebuseko E78 gaueko zerbitzua igandetik ostegunera ere zabalduko du, 23:15etik 00:30era bitartean. Maiatzaren 17tik aurrera, irteerak 23:15ean, 23:45ean eta 00:15ean izango dira Irunerako noranzkoan, eta 23:30ean, 00:00etan eta 00:30ean Hondarribirako noranzkoan. Azahara Dominguez foru diputatuak azaldu duenez, «sektoreko langile askok orain arte ez zuten alternatibarik lanaldia amaitu ondoren segurtasunez etxera itzultzeko».

Garraio publikoa herritarren beharrak asetzeko helburuarekin lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta azken urteetan Lurraldebusek Bidasoaldean egindako hobekuntzak «entzuketa aktiboan eta eragile zein udalekin elkarlanean» oinarritutakoak izan direla azpimarratu du Azahara Dominguez Mugikortasunerako foru diputatuak. Eta «hobekuntza etengabe» horretan, Irun-Hondarribia E78 linea indartzeko hartu duten erabakiaren berri eman du gaur Irungo Fermin Calbeton kaleko autobus geltokian. 
 
Maiatzaren 17tik aurrera gaueko ordutegia bermatuko dute igandetik ostegunera ere, gauerdiaren bueltan. Zehazki, irteerak 23:15ean, 23:45ean eta 00:15ean izango dira Irunerako noranzkoan, eta 23:30ean, 00:00etan eta 00:30ean Hondarribirako noranzkoan. Dominguezek azaldu duenez, «bereziki ostalaritzako langileen zerbitzura egongo da, baita beren aisialdi denboran ostalaritzako gaueko erabiltzaileek eskualdean segurtasunez mugitzeko ere». 
 
Alde horretatik, Irungo eta Hondarribiko ostalarien elkarteek aldundiari luzatutako eskaera bati erantzunez indartuko dute Lurraldebus zerbitzua. Izan ere, «sektoreko langileek orain arte ez zuten alternatiba publikorik lanaldia amaitu ondoren etxera itzultzeko», argitu du diputatu sozialistak. Iñaki Galarza ostalariak argitu du, lanetik atera eta gaueko iluntasunean, oinez edo patinete elektrikoetan etxeratzen ari diren sektoreko langileen kopurua areagotu egin dela azken aldian. Eta beraz, E78 zerbitzua aste osoan bermatzea beharrezkoa dela. Foru diputatuak argitu duenez, «garraio publikoak berdintasun aukerak bermatu behar ditu, eta langile horien segurtasuna ere hobetuko du, mugitzeko ibilgailu partikularren edo inoren laguntzaren mendean egon gabe».
 
Cristina Laborda, Irungo alkateak aldundiaren ahalegina eskertu du ere. Eta orain arte Lurraldebusek ostirala eta larunbata gauetan eskaintzen zuen zerbitzua aste osora zabaltzea irundarrentzat albiste ona dela nabarmendu du. «Hondarribiarekin loturak erraztuko ditu, orain arte aukera nahikorik ez zegoen ordutegietan», dio Irungo alkateak, «eta esperientziak erakusten digu eskaintza hobetzen denean, herritarrek erantzun egiten dutela». Donostiako ospitaleko zerbitzua jarri du horren adibide, erabiltzaile kopuruak hasieratik eskaintza justifikatu baitu.
 
Hobekuntza esanguratsua dela nabarmendu du agintariek, ostalaritza sektoreko langileei ez ezik, bezeroei ere eragingo dielako. Eta alde horretatik, hobekuntza hauekin, eta E77 lineak (Hondarribia-Irun-Errenteria-Pasai Antxo-Donostia) ematen duen zerbitzuarekin, Irungo eta Hondarribiko bizilagunek bi udalerrien arteko konexioa bermatuta izango dute garraio publikoaren bidez, gutxienez gauerdia pasatu arte, asteko egun guztietan.