migrazioa

Azken urtean muga gurutzatu duten migratzaile kopurua %50 apaldu dela ospatu du prefetak

Aimar Lopez 2026ko maiatzaren 6a

Alexandre Cotto Hendaiako PAF mugako poliziaren komisarioak drone bidezko zaintzaren ahalmena erakutsi du, ondoan Étienne Guyot duela.

Force Frontières dispositiboaren baitan 3.784 pertsona harrapatu, atxiki eta Hego Euskal Herrira itzuli zituzten Hendaia eta Biriatun 2025ean. Azken hilabeteetan espainiar polizia ere mugan migratzaile andana kanporatzen hasi da.

Akitania Berria eskualdeko hamabi prefetak elkartu dira Hendaiako komisaldegian gaur goizean, Immigrazioa eta Integrazioa izendatu jardunaldien karietara. Aurtengoz seigarren aldiz aktibatu dute Force Frontières operazioa, eta 350 polizia, jendarme, aduanazain eta militarrek Pirinio Atlantikoak kontrolatuko dituzte gaur eta bihar.

Izan ere, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugatik ahalik eta migratzaile gutien pasatzea frantses gobernuaren lehentasunetan da iaztik, eta hala, barne ministerioak Hendaian eta inguruan dituen efektiboak prentsaren aitzinean bildu dituzte berriz ere. Duela urtebete Biriatun aurkeztu zuten Force Frontièresen balorazio ona egin du Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak: urtebetean muga hori gurutzatu duten paperik gabeko pertsonen kopurua %50ez apaldu dela adierazi du.

Bertzeak bertze Pausa gunearen datuetan oinarritzen dira ondorio horiek. Errepresio azkarra ere praktikatu zuten barne ministerioaren indarrek baina; iaz, 3.784 pertsona harrapatu, atxiki eta Hego Euskal Herrira itzuli zituzten Hendaia eta Biriatun, Pirinio Atlantikoetan sartzen diren migratzaileen %85 bertatik pasatzen direlarik.

Baina Akitania Berriko prefetak, paperik ez duten migratzaileak kanporatzeaz gain paperak dituztenen integrazioa ere bultzatu nahi dutela dio. “Bi lan ildo horiek” burutzeko, migratzaileen integrazioan dabiltzan estatuaren zerbitzu guztiak bilduz koordinazio eta elkarlan hobea lortu nahi dute Akitania Berrian, horretan gabeziak dituztela onartuz. Gaur arratsaldean izanen dute lehen lan saioa, enpleguan, kulturan edo helduen hezkuntzan estatuak dituen erakundeak bilduz.

Espainiar poliziak iaz zortzi bider kanporaketa egin ditu aurten

Joera berri baten berri eman dute gaur: nabarmen handitu da Frantziar estatutik espainiarrera doan migratzaileen kopurua. Jean Marie Girieren arabera, arrazoia espainiar gobernuak onartutako migratzaileen erregularizazioa da.

Hala, 2025eko lehen lau hilabeteetan Espainiar poliziak 60 migratzaile kanporatu bazituen mugan, aurten 500 izan dira, zortzi aldiz gehiago. Prefetaren arabera, “espainiar autoritateek mugaren kontrola berriz hartu” dutenaren seinale.

Ipar Euskal Herrira eta Frantziarako zentzuan berriz, azken asteetan Sudan eta Gineatik etorkin anitz heldu direla azaldu du prefetak, baina orohar kanporatzen dituzten pertsona gehienak aljeriarrak eta marokoarrak direla ziurtatuz. Ostegun arratsera arte, 33 kontrol puntu izanen dira Ipar Euskal Herrian eta Biarnon, orotara 18 muga pasabide diren arren, barnealdean ere izanen baita polizia.