Eskualdeko ikastetxeek egindako bideoak bozkatzeko fasea ireki du 'GazteakON Elikadura Erronka' ekimenak

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 12a

Maiatzaren 29a arte Hendaia, Irun eta Hondarribiko ikastetxeetako 21 lanak bozka daitezke. Aurten 150 ikasle baino gehiagok parte hartu dute, eta iaz ikasleen bideoek 1.173 bozka jaso ondoren, edizio honetako parte-hartze nabarmena kontuan hartuta, Herritarren Sarian bozka ematera animatu dute antolatzaileek. Sari banaketa Bioterra azokan egingo dute, ekainaren 5ean. Baina sarietatik harago, fase honen helburua «gazteen lanak zabaltzea eta komunitatea elikaduraren inguruko hausnarketan inplikatzea» dela azpimarratu dute.

"GazteakOn Elikadura Erronka" proiektuak gizartea sentsibilizatzeko aukera eman nahi die gazteei. Bidasoaldeko ikastetxeetan ingurumen hezkuntzan elikadura arduratsuari buruz egindako lanaren emaitza ikasgelara mugatu ez dadin. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan antolatutako Ideiak 2024, mugaz gaindiko aurrekontu parte-hartzailean saritutako proiektua izan zen. Eta bere bidea egiten doa pixkanaka. Labore Txingudi, HendaiaKoop eta Maia Permaculture eragileek Irun-Hondarribiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako adinean dauden gazteak eta haien irakasleak "GazteakOn: Elikadura Erronka" lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte aurtengoan ere, eta lehiaketaren bigarren edizioa azken fasera iritsi da.

Lehiaketak bi sari nagusi aurreikusten ditu: alde batetik, Herritarren Saria, bozka irekiaren bidez erabakiko dena; eta bestetik, Epaimahaiaren Saria, profil anitzetako eta tokiko erakunde zein eragileetako kideez osatutako epaimahai espezializatu batek erabakiko duena. Iazko edizioan 1.173 bozka jaso zituzten, eta aurten, aurkeztutako lan eta parte-hartzaile kopurua ikusita, kopuru hori gainditu nahi dute. Izan ere, aurten Hendaia, Irun eta Hondarribiko ikastetxeetako 21 lan aurkeztu dituzte, eta 150 ikasletik gora aritu dira proiektuan parte hartzen. 

Maiatzaren 29ra bitartean, herritar guztiek izango dute aukera aurkeztutako bideoak ikusi eta bozkatzeko. Prozesua irekia da, eta antolatzaileek argitu dutenez, fase honen helburua ez da soilik irabazle bat aukeratzea «gazteen lanak zabaltzea eta komunitatea elikaduraren inguruko hausnarketan inplikatzea ere bada». 

Bestalde, lehiaketaren sari banaketa ekainaren 5ean izango da Ficoban, Bioterra azokaren baitan. Egun horretan emango dira ezagutzera bai epaimahaiaren saria, baita herritarren bozkaren bidez aukeratutakoa ere.

Belaunaldi berriei hitza eman eta eragiteko tresna

Gazteen parte-hartzea eta sormena ardatz hartuta, ekimenak elikadura jasangarriago eta osasuntsuago baten aldeko proposamenak bultzatzen ditu. Lehiaketak komunitatea, hezkuntza eta elikadura uztartzen ditu topagune eta inspirazio espazio bat sortuz.  Oihana Galardi, Labore Txingudiko kideak dio ekimenak ez duela eskolan lan zama gehitu nahi, aukera berriak sortu baizik. «Ez genuke nahi irakasleek lan gehigarri bat denik sentitzea, baizik eta eskolan egiten ari diren horri buelta bat ematea, eta bideo formatuan lantzeko aukera dagoela ohartzea, egindako lana ikasgelan geratu ez dadin», dio proiektuaren eramaileak.

Alde horretatik, ingurumen hezkuntzan egiten ari diren ohiko lanaren dibulgazioan laguntzeaz gain, ekarpen gehiago egiten ditu proiektuak haien ustez. Maia Permaculture-ko Mayi Lekuonak argi du haien helburua transbertsala dela. «Elikadura jasangarria lantzen delako, baina teknologia eta bideogintza lantzen dute, eta hizkuntzak ere, Bidasoalde osoa aintzat hartzen dugunez, bertako hiru hizkuntzak ere landu beharko dituztelako», gehitu du.

Aurkeztu beharreko bideoekin «gazteek kontsumo ohiturez eta elikadura ereduari buruz zeresana badutela erakusten dute, eta maiz badira helduak edo besteak sentsibilizatzeko gai», diote. Azken batean, klima aldaketari buruzko ardura gehiegitan uzten dute helduek belaunaldi berrien gainean, baina «erronka honen mamietako bat da publiko heldua konturatzea zer egiten ari diren gazteak, eta gazteek aldarrikatzea esanez hau egiten ari gara», dio Oihana Galardik. Horregatik, Epaimahaiaren Sariaz gain, Herritarren Saria ere izango da lehiaketa honetan, bozka gehien biltzen dituen bideoarentzat.

Bozketan parte hartu nahi duten herritarrek informazio gehiago eta sarbidea hemen aurki dezakete: https://www.gazteakon.eus